Artista eta obra, elkarrizketan

Iker Vallek azken urteotako lana bildu du Okendo kultur etxean, Donostian, 'Ebakidurak eta josturak' izenpean

Iker Valle, Donostiako Okendon erakusgai dituen lanetako batekin. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Koadroari, margolanari aurrez aurre begiratzen dio Iker Vallek (Andoain, 1976). Hitz egiten du haiekin, eta elkarrizketa horrek bideratzen du lanak hartuko duen norabidea. Akordioaren bidez: «Koadroak berak esaten dit nondik doan, eta ni egokitzen naiz». Batik bat tamaina handiko artelanez ari da Valle, baina bere obra osoari atxiki ahal zaion ezaugarria da bilaketa: «Nikbilatu egiten dut, eta gero prozesuak alde batera edo bestera eramango du koadroa». Ebakidurak eta josturak izenburupean, Vallek 34 margolan eta lau eskultura bildu ditu Donostiako Okendo kultur etxean. Urtarrilaren 24ra arte egongo da irekita erakusketa.

Ez da hau aurten Donostian jartzen duen lehenengo erakusketa, Kutxa Boulevarden ere erakutsi baitzituen bere lanak —beste batzuk— orain dela hilabete batzuk. Pauen ere (Frantzia) erakusketa bat dauka orain ikusgai. Izan ere, bere lana batik bat Ipar Euskal Herrian erakutsi du orain arte; besteak beste, Parisen eginiko erakusketa kolektibo batean.

Valle «autodidakta» da, Arte Ederren fakultatetik igaro gabekoa, eta teknika mistoak erabiltzen ditu bere lanetan. Harrinabar hautsarekin osatzen du oinarria eta pigmentu naturalekin eta erretxinarekin ematen dio kolorea eta ehundura. Lan egiteko modu horren ondorioz, margoa mihiseari atxikia gelditzen da, batzuetan ebakidurak besteetan josturak sortuz. Hain zuzen ere, erabiltzen dituen materialak direla eta, «erosoago» sentitzen da margolan ertain eta handiekin txikiekin baino. Txikiak «kanpotik» ikusten ditu, eta handiekin «askatasunez» aritzen da, «elkarrizketan haiekin».

Bere obra ia guztia abstrakzioaren eremuan kokatzen bada ere, erakusketan badira koadro pare bat, abstrakziotik alde egin gabe Mari pertsonaia mitologikoa azaltzen dutenak.

Era berean, lau eskultura era jarri ditu ikusgai. «Ni ez naiz eskultorea, eta lan hauek guztiek dute alderdi piktoriko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.