Artea eta kirola uztartuko ditu Larrinbek, hirigintza ereduez gogoeta egiteko

Laster itxuraldatuko den Errekaleor auzora gerturatu nahi ditu gasteiztarrak, herri lasterketa baten bidez

Iñaki Larrinbe, eskuinetik lehenengoa, lasterketan hasteko prest. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Arteak eta kirolak «gizarte itsasgarri» izaera dutela gogorarazi du Iñaki Larrinbek (Gasteiz, 1967). Bizipenak trukatzeko bidea eskaintzen dute, eta herritarren artean komunikazioa, lotura eta elkarlana ere sortzen dituzte. Ezaugarri horiek baliatu, artea eta kirola uztartu, eta hirigintza ereduei buruzko eztabaida sortzeko bideari ekin dio Larrinbek Herri lasterketa Errekaleor auzora izeneko egitasmoan.

Egitasmoaren izenaren inguruan agertzen den Gasteizko auzoari egindako bisitak piztu zion gai horri buruzko grina. Gasteizko kanpoaldean 1950eko hamarkadaren bukaeran eraikitako auzoa desagertzear dago gaur egun. Bertako hamazazpi etxebizitza, frontoia eta gizarte etxea bota, eta etxe berriak eraikiko dituzte bertan. «Auzo berria egingo dute maila ekonomiko hobea dutenentzat», laburbildu du Larrinbek.

Horri buruzko eztabaida sortu ahal izateko Artium eta Errekaleor arteko bost kilometroko ibilbidean lasterketa antolatu du Larrinbek. Hain zuzen ere, asko dira Errekaleor inoiz zapaldu ez duten gasteiztarrak, artistak gogorarazi duenez. Hiriaren kanpoaldekoindustria gune baten atzean eraikita dago, eta errepide bakar batek eramaten du bertara. «Egitasmoak ez du izaera kritikorik; hiritarren arreta bereganatu, eta hiri askotako auzoetan gertatzen ari den gentrifikazioari buruzko eztabaida sortu nahi du».

Profesionalizaziorik ez

Herri lasterketa Errekaleor auzora egitasmoak eztabaida beste eremu batzuetara ere hedatu nahi du: artearen eta kirolaren industria eta profesionalizazioa. «Arteak ahalegin sortzailea eskatzen du eta kirolak ahalegin fisikoa, eta ahalegin hori norberak egitea erabakitzen du, inolako beharrik gabe; dena den, borondate keinu hori industria eta lehia bihurtzen da», nabarmendu du Artiumeko zuzendari Daniel Castillejok.

Larrinberen egitasmoak bi lan eremuen jatorrizko izaera berreskuratu nahi du. Hala, artistak berak 'zuk zeuk egin ezazu' filosofia berriz ekartzeko ahalegin gisa aurkeztu du ekimena. Garai bateko lasterketen izaerari eutsiz, parte hartzaileek eskuz egingo dituzte euren dortsalak, eta ez da egungo lasterketetako azpiegitura eta antolaketa maila egongo. «Parte hartu nahi dutenek nirekin jarri beharko dute harremanetan, eta nik esango diet zer zenbaki duten».

Larrinbek proposatutako ekimenarekin kolaboratuko du Artiumek datozen egunetan. Hala, urriaren 2ra arte, lasterketaren egunera arte, bi ekimen hartuko ditu Herri lasterketa Errekaleor auzora egitasmoarekin lotuta. Gaur bertan lasterketarako «beroketa» egiteko aukera izango dute hogei pertsonak museoan bertan. Artiumeko aretoetatik korrika egingo dute, Larrinbek aukeratutako hainbat paisaiaren aurretik. «Ez du asmo kritikorik, baina esperientzia kuriosoa da».

Bestetik, urriaren 1ean, lasterketaren aurreko egunean, nahi dutenek haien zenbakiak diseinatzeko aukera izango dute Artiumen bertan. Artista baten laguntza izango dute zeregin horretan, baita helmugan jasoko duen garaikurra diseinatzen ere. Hain zuzen ere, lehiakortasunaren ideiarekin hausteko norberak egindako saria jasoko dute helmugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.