Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza berria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa du Getxoartek. Ohi bezala, Areetako Geltokia plazako karpan egingo da erakusketa. Bisitariek hainbat lan mota izango dituzte ikusgai: pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak, besteak beste. Aurten, 51 artista gaztek parte hartuko dute ekitaldian.
Duela hamaika urte sortu zuten Getxoarte, Arte Sortu Berrien Aretoa, azken arte proposamenen erakusleiho bilakatzeko eta, era berean, sortzaile berrien lana ezagutarazteko asmoz. Gainera, artista gazteek esperientzia praktikoa izango dute Getxoarten, eta beren lanetan interesa duten pertsonekin harreman zuzena izateko aukera edukiko dute, bai publikoko jendearekin, baita sektoreko profesionalekin ere. Horrela, era natural eta profesionalean, parte hartzaileek, inolako oztoporik gabe, beren lanak gustuko dituzten ikusleekin hitz egin dezakete zuzenean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aukera artistiko guztiek dute lekua Getxoarten, «proiekturik pertsonalenetatik hasita talde proiektuetaraino». «Gainera, euskal arte produkzio garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da», antolatzaileen hitzetan. Aurtengo partaide gehienek Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasten dute. Getxoartek lankidetza estua dauka fakultate horrekin, hain zuzen ere.
Hiru egunez, Areetako Geltokia plaza «orain arte anonimo izan diren baina etorkizun oparoa duten artisten» lanen erakustoki erraldoia izango da. Erakusketak askotariko generoak izango ditu: pinturaz, eskulturaz, argazkiaz, bideoaz, marrazkiaz eta grabatuaz gain, estetika erlazionatzeko lanak egongo dira ikusgai.
Bisita gidatuak
Aurten, aurrenekoz, bisita gidatuak egingo ditzute Getxoarten, abenduaren 3an eta 4an, 18:00etan (aurretik izena emanda). Gainera, gaztetxoek arte sortu berriaz gozatu ahal izango dute haurrentzako tailerretan, hilaren 3an eta 4an, 12:00etatik 13:30era. Horretarako ere, aurretik izena eman beharko da.
Arte berria Getxora eramango dute 51 sortzaile gaztek
Abenduaren 2tik 4ra bitarte egingo da Getxoarte, sorkuntza berria bultzatzeko ekinbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu