Armintxe kobako grabatze teknika «bakana» dela uste dute adituek

Duela bi urte, labar artea aurkitu zuten Lekeitioko haitzuloan. Orain arte egindako ikerketa lanek «ezohiko» ezaugarriak dituela utzi dute agerian

Lekeitiko Armintxe haitzuloko grabatuak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Grabatuak. Inoiz baino handiagoak, sekula landu bako materialaren gainean marraztuak eta teknika bakana erabiliz. Ezohiko ezaugarriak ditu Lekeitioko (Bizkaia) Armintxe kobazuloko labar arteak. Cesar Gonzalez historiaurrean adituak kobaren berezitasunen gakoa eman du: «Kalkarenitazkoak dira leize zuloaren paretak, kareharrizkoak izan beharrean. Material hauskorragoa izanda, ezinezkoa da pintatzea, ezta ohiko teknika fina erabiliz grabatzea ere». Orain bi urte aurkitu zuen leize galdua ADES espeleologo taldeak, urbanizazio lanen ondorioz. Hiru urteko azterketa plana jarri zen martxan orduan, Bizkaiko Foru Aldundiak gidatuta. Hainbat esparrutako 27 adituk jardun dute ikerketa lanetan, eta atzo plazaratu zuten azterketak orain arte emandakoa.

Kronologiari dagokionez, Goi Paleolitokoa da Armintxe. Zehatzago esanda, Madeleine aldikoa; duela 14.000 urte ingurukoa. Garaikideak ditu Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia), Altamira (Kantabria, Espainia) eta Ekaingo (Deba, Gipuzkoa) leizeak. Denak ala denak Kantauri isurialdean daude, eta antzeko ezaugarriak dituzte: kareharrizkoak dira, eta, labar arteari dagokionez, pinturekin egindakoak dira nagusi. Dituzten grabatuak marra fin eta zehatzez eginda daude. Armintxek ez ditu ezaugarri horiek betetzen, eta horrek egiten du berezi.

Orotara, Goi Paleolitoko 68 irudi agertu dira haitzuloko hormetan, hiru multzotan banatuta. Guztira 37 animalia aurkitu dituzte: 23 zaldi, lau ahuntz, lau bisonte eta bi lehoiren grabatuak. Horiez gain, zehaztu gabeko zerbido bat eta lau oineko animalia baten hiru zirriborro ere identifikatu dituzte. Ikur abstraktuak dira gainontzekoak.

Ezohiko prozedurak erabiliz ondu zituzten. Gonzalez: «Garai hartan erabili ohi zuten grabatze teknikan, suharria baliatuz hiruzpalau milimetrotako lerro zuzen eta paraleloak egiten zituzten, eta horiekin sortzen zuten irudia. Hau da, objektu zorrotz bat arrastatuz egiten zituzten. Armintxen, berriz, haitzuloaren gainazalaren trinkotasun falta dela-eta, 13 eta 14 milimetroko lodierako marra irregularrak karrakatu zituzten haitzetan». Bestelako leizeetan aurkitu direnak baino sakontasun gutxiago dute Armintxekoek, baina lodiagoak dira. Gonzalezek adierazi du ohikoak baino askoz ere handiagoak ere badirela aurkitutako animaliak. «Teknika zakarra erabili zuten, eta grabatuak argiago ikusteko tamaina handiagokoak egiten zituzten». Emaitzaren adierazgarri, lehen grabatu sortan antzeman duten bi metrotik gorako zaldia.

Animalia grabatuak dira nagusi; ez, ordea, bakarrak. Irudi figuratiboek ez ezik, marra paralelo eta zeinu abstraktuek ere osatzen dute sorta. Madeleine aldiko kobetan ohikoak dira iltze itxura duten zeinuak. Hortaz, Armintxen ere ugariak dira, baina «bertsio berria» deritzo Gonzalezek zeinuen nolakotasunari. Beste behin, teknikaren ondorio. «Hiru hortzez osaturiko eskuarea erabiltzen dute marra paraleloak osatzeko. Karrakatzea leunagoa eta lodiagoa da. Garai hartako grabatze teknikaren bertsio berria da hau, Pirinioetako zonan aurretiaz ikusi gabea».

Kobaren balio historikoa zehazteaz gain, azterketa geologiko eta arkeologikoak egiten jardun dute aditu taldeek. Juan Carlos Quintana arkeologoaren gidaritzapean egin dituzte kobaren sarrerako indusketa lanak. Ikerketaren helburua giza aztarnak bilatzea izan da, kobaren jatorrizkosarbidea izan zitekeenetik ahalik eta hurbilena. Hala ere, atariaren zati handi bat zaborrez gainezka dago, eta ezin izan dute hura ikertu. Ondorioak azaldu ditu Quintanak: «Ez dugu giza aztarnarik topatu kobaren atari honetan. Horren ordez, hiena gordeleku bat izandakoaren zantzuak identifikatu ahal izan ditugu».

Uraren arriskua

Arkeologikoarekin batera, kobaren azterketa hidrologikoa ere egin dute adituek. Izan ere, Armintxetik igarotzen den errekak koban izan ditzakeen ondorioak zehaztu nahi izan dituzte horrela, «ezbeharrak» saihestu ahal izateko. Oraingoz, uraren gorabeherek ez diete kalterik egin irudiei. Hala ere, Maider Ledesma geologoak grabatuak babesteko bi neurri iragarri ditu: «Batetik, errekaren ubidea desbideratuko dugu, uraren maila asko igotzen denean grabatuetaraino iritsi ez dadin. Bestetik, iragazle bat jarriko dugu, zaborra kobara sartzeko arriskua saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.