Umeak lau urte ditu: «Gaur andereñoak zigortu egin nau». Lehen aldia da umearen ahotan hitz hori entzuten duena. «Txokora bidali nau eta han egon naiz berak esan arte».Bihamunean ama andereñoarengana joan da: «Atzo umea zigortu omen zenuen». «Ez, ez, zigortu ez, hemen ez dugu inor zigortzen. Pentsatzeko txokora bidali nuen egindakoaz hausnartu zezan».« Ba, umeak ez du hori ulertu, berak zigortu egin zenuela ulertu zuen. Horixe bere hausnarketa». «Baina txokorajoatea ez da zigorra, lasaitzeko leku bat da, pentsatzekoa…». «Ba, berak ez du hala bizi izan. Nirea txokora ez bidaltzea eskatuko nizuke».
Umeak hamar urte ditu: «Gure irakasleak X ez du zigortu». Urteak dira umearen ahotan hitz hori entzuten ez duela.
—Irakasleak ez du zigortu. Errua berea zen eta ez du zigortu. Irakasle hori kakazaharra da. Zigortu egin behar zuen… Bestela nola ikasiko du?
—Ez dakit ba, hitz eginez… Ez dago zigortu beharrik.
—Nola ezetz? Zer ikasi du X-k? Ez du ezer ikasi! Esanda ez da nahikoa. Zigortu egin behar zuen.
Hala tokatzen zen, hala dio arautegiak, eta irakasleak zigorra ez du aplikatu. Nahiago izan du umeekin hitz egin, zer geratu den bataren eta bestearen ahotik entzun,bietan ahulena babestu ekintza txarra harena izanda ere,eta besteari ulertzeko eskatu.
Irakasle kaskarra, umeen begietara.
—Kakazaharra da. Iazkoa hobea zen, hark zigortu egiten zuen! Ez da justua, ez da justua. Zigortu egin behar zuen!
—Zigortu? Baina nola?
—Ba, jolas orduan gelan egoten, edo txokora bidaltzen, edo geldi egon arazten bost minutuz…
Mugitu dena, zarata atera, txantxa egin edo haixatu dena, min eman edo zerbait puskatu duena, zigortu egin behar da. Horixe da lezioa.
—Zu ez zaitut inoiz zigortu, eta ez al duzu ezer ikasi?
—Nik bai, nik bai, baina beste batzuk jaiotzez dira gaiztoak eta horiek ez dute ikasten zigortzen ez badituzu.
Esango dizute orain ez dela inor zigortzen, legeak debekatzen duela ikasleari zigor fisiko edo psikikoak eragitea. Orain ekintza baten ondorioen jabe egiten zaiela esango dizute, halako ekintza hezitzaile bat bete araziz, betiko zigorraren ordez, zentzua duen zerbait, hezitzailea izango dena: puskatu badu, konpondu dezala; bota badu, jaso; min eman badu barkamena eskatu; buila egin badu, isilik egon dadila; mogitu bada, geldirik egon dadila. Orain ez da zigortzen, egindakoak ondorioak dituela jakin arazten baizik. Hori esaten dizute. Eta teorian, beharbada, onartzeko modukoa izan daiteke, eta praktika desberdina izanda ere, praktikaren zentzua eta helburua betiko bera da: zigorra. Lau urteko ume batek ere badaki.
Guraso gehienek hala eskatzen dute. Ondorioak ordain aratezko behintzat, zigortzen ez bada. Diziplina esango dizute, diziplina beharrezkoa dela, diziplina eta zigorra sinonimoak balira bezala. Zigorra edonon. Ikasgelan, jangelan, jolasorduan. Zigortzen ez duen irakaslea txarra da eta zigortzen duena ona, umeen begietara, eta baita guraso gehienen begietara ere. Lehen, zigortzea libre zenean,zigortzen zuena txarra zen -horregatik legea- eta zigortzen ez zuena ona. Supernannyz mozorrotutako polizia bana daramagu barrenean.
Ez alferrik gizartearen isla da eskola, eta zail da gizartearen kontra umeak heztea. Ez da erraza gizartean egiten dena eskolan bestela egitea, hori izanda ere eskolaren egitekoa, hori izanda ere irakasle askoren tema.
Bada eskola berritzaile bat, oinarrietako bat zigorrik eta saririk gabe heztea duena. Hamar gurasoko eskola bat da, bestelako gizarte bat sortzeko helburua duena, bizi-toki bat, eskolaren izenak dioen modura. Eraldatzailea, asmoetan bederen. Umeei nolako mundua utziko diegun adina kezkatzen dituena nolako umeak utziko dizkiogun munduari..
Katuajeak
Zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu