Asteroko eginkizun honek autoa hartu eta lau orduko joan-etorria egitera eraman gintuen joan den larunbatean. Bazegoen horretarako nahikoa motiborik. Maulen estreinatzekoa baitzen Xora, Hebentik elkarteak bultzatutako urtebeteko auzolanari esker —Peio Cachenaut zuzendariak gidoia idazteko behar izandako urteak kontuan hartu gabe— Zuberoan eta, nahikoa nabarmendu den moduan, zubereraz egindako lehen film luzea.
Gaueko bederatziak jotzeko bi oren falta zirela, Xibero ostatua Hebentikeko kideen eta filmeko talde teknikoko lagunen bilgune bilakatzen hasi zen. Errugbizaleek Chez Jean-Pierre ostatua zeukaten hartuta, eta kanpoan erretzen geratutakoen noizbehinkako irriek eta oihuek soilik urratzen zuten Mauleko karriketako isiltasuna. Metro batzuk aurrerago, Zinka tabernan, gaueko kontzerturako tresneria prestatzen ari ziren.
Pizza bukatzeko astirik gabe, Maule Baitha zinema gelarantz abiatu ginen, eta J. Edgar ikustera joandakoekin nahastu ginen ilaran. Behin eserita geundelarik, Mixel Etxekoparrek gaztigatu zigunez, haiek baino gehiago ginen, aretoko 300 eserlekuen gorria estaltzea lortu baikenuen. Musikari zuberotarrak egin zituen anfitrioi lanak, Hebentiken izenean, eta alfonbra gorririk ezean, Ainhize-Monjolosetik ekarritako tapiz zuri-beltza zabaldu zuen agertokian, ongietorria eman aurretik Peio Cachenauti, Ximun Carrere Aldudarrak Bideo elkarteko ordezkariari eta Eduardo Barinaga Baleuko ekoiztetxeko kideari. Haien hitzetan, poz neurtua, egitasmoa auzolanean burura eraman izanaren satisfazioa eta itxaropena, filma Euskal Herri osoan ez ezik, Madrilen, Bartzelonan eta Parisen erakusteko itxaropena.
Horretarako, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko azpidatziak prestatu dituzte. Maulen frantsesezko azpidatziekin ikusi genuen, eta aitor dut maiz haietara jo behar izan nuela haria ez galtzeko. Gutxi gorabehera jakin bagenekien zer kontatzen duen Xora-k, idazle izan nahi duen gazte batek (Jef Goihenexpe) Kaliforniatik itzuli den Hollywood ezizeneko osabarekin (Titika Rekalt), hura ere idazlea, duen harreman nahasia. Zehazki, ikasleak (izenik gabekoa) maisuarekiko sentitzen duen mirespenaren kate astunetik askatzeko egiten duen bidea da filmaren ardatza, hura iragartzeko hautatutako esaldian laburbiltzen dena: «Jinkoak sortü dütüt… eta desegin». Bada beste pertsonaia bat, beltzezko gizon ikusezin bat, gaztea bide mingarri horretan lagunduko duena…
Azken arrasto horrek iradokitzen du kontatzeko moduan dagoela filmaren apustu nagusia, berezitasuna. Xora-k lortu nahi duen xoramendua ez da edertasunarena, kontakizunari darion atmosfera misteriotsuak sorturikoa baizik. Zubereraz egina izanagatik inork film bukoliko bat aurkitzea espero badu, jai du. Egia da zati batzuk Larraineko bortuan hartuak direla, bertako paraje zoragarriak erakusten zaizkigula, baina kontrastean Mauleren irudi hiritar, moderno eta ilun bat aurkezten digu zuzendariak, baita Zuberoako gizartearen alderdi ezohikoago bat ere, lan harremanen munduarekin edota gazteen suizidioarekin loturikoa.
Esan liteke idazle gazteak lortu nahi duen burujabetasun bera izan duela Cachenautek buruan filma egiterakoan, maisuengandik ikasitakoa (David Lynch da gogora datorren lehen izena) beldurrik gabe praktikara eramanez pelikula ausarta eta askea egin baitu, musikak azpimarratzen duen tentsioz betea, errealitatearen eta fikzioaren arteko joko korapilatsua planteatzen duena, eta detaile, esanahi eta ertz ugari gordetzen dituena lerro eta irudi artean, denak ikustaldi bakarrean nekez atzeman daitezkeenak. Emanaldia amaitu ostean, hariak lotzen segitu beharko du ikusleak.
Gauzak ondo bidean, apiril edo maiatzean izango da Xora gure aretoetan, eta badirudi ez dela aurten ikusi ahal izango dugun euskarazko film bakarra, iazko bolada onak jarraipena izango duela. Beste lauzpabost film daude amaituta edo amaitze bidean: Iban Aiestaren Vera, Zinez ekoiztetxeak bost euskal presoren inguruan osatutako Kartzelako poemak (behin behineko izenburua), Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako Nemekitepá, eta Dragoien ehiza, Patxi Barkorena. Azken horrekin gertatutakoa deigarria da: euskarazko film batek inoiz izan duen aurrekonturik handienarekin egin zuten (2,5 milioi euro), Kubako Zinematografia Institutuaren lankidetzarekin, baina 2010. urteaz geroztik estreinatzeko zain dago. Bistan da, diruak ez du dena bermatzen.
@ Xora filmaren estreinaldiari buruzko bideoa, hemen ikusgai: www.berria.info
Ilaran
Xoramendu iluna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu