Ismael Manterola
Artea. Begiz

Trena badoa

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Lagun batzuek egindako kantu baten izenburuak Urolako trenaren desagerpenaz hitz egin zigun orain dela 20 urte. Zumaiatik Zumarragara bidea egiten zuen trena 1986an kendu zuen Eusko Jaurlaritzako erabaki batek, eta beste tren txikien patuari jarraitu zion.

Erabakia hartu zuen gobernu berak Azpeitian trenaren museoa zabaltzea onartu zuen, 10 urte geroago, gutxi gorabehera. Hala ere, Azpeitiko geltokia izandako eraikinean zegoen trenari eskainitako museoak ez zion Urolako trenari kasu handirik egin.

Orain, aldaketa prozesu sakon baten barruan sartutako museoa inguruari begira jarri da, eta Urolako trena zenari omenalditxoa egin dio, memoria eta historia elkartu nahi duen erakusketa xumean.

Ez dut ezkutatuko trenaren museoa zela-eta askok genituen aurreiritziak. Urola inguruan hainbeste maite genuen tren zahar baina bizia museoan sartzea ez genuen ondo hartu. Nahiago genuen trena hartu eta erabili, museoa bisitatzea baino. Horregatik, bailarako biztanleok gutxitan jo izan dugu trenaren museora.

Ez dakit lehendabizikoz den edo ez, baina dagoen tokiari kasu pixka bat egitea erabaki dute museoko oraingo arduradunek. Erakusketaren bidez, Urolako trenak izan zuen bizitza azaldu nahi dute, eta, bide batez, ixtearen kontra bailarako biztanleek egin zuten borroka. Hain zuzen, trena itxi baino lehenago, Zumaiatik Zumarragara argazki rallya antolatu zuen Azpeitiko argazkilari elkarteak, trena ixtearen kontrako ekimenen barruan. Erakusketak argazki haiek berreskuratu ditu, eta ikusgai jarri; horren bidez, herriarekin eta bailararekin memoria ariketa bat proposatzen du. Gainera, erakusketarako ikus-entzunezko laburra egin dute, Urolako trena bizi zuen jendearen lekukotasunak biltzeko. Trena maitagarria zela garbi azaltzen da, lekukoek diotenaren arabera, baina maitagarriago egiten dira bertan lan egin zuten pertsonaiak: mantentze lanak egiten zituen gizona, txartelak banatzen zituen emakumea, eta, nola ez, gose greban egon zen txartel zulatzailea. Trenaren barruan eserita ikus daiteke telebista pantaila batean, eta nostalgiak, garaian (eta gerora ere) sentitu genuen amorruaren tokia bete duela konturatzen gara.

Memoria eta historia elkar lotzen duten erakusketak ez dira errazak, batez ere makina zaharrez inguratutako espazio zabal eta arrotz xamarretan. Erakusketak Azpeitiko geltokia bizitzaz betetzea lortu du; ez dagoen bakarra Urolako trenaren txistu hotsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.