Behin eta berriz entzuten ari naiz Lorena Alvarez izeneko asturiar batek argitaratu duen zinta. Espainiako herri-musikatik hurbil dago egiten duena (jota, erromantzeak, pasodobleak, eta abar), eta ez dakit tradizioa berritzen duen edo ez, baina musika hori testuinguruz aldatu eta beste entzule batzuen esku jartzen du, ez baitu ez folklore hutsaren esparruan kokatzen, ezta herri-musikaren bertsio gaurkotuek bete ohi duten esparru komertzialean ere. Americana edo country alternatiboak antzeko zerbait egin zuela esango nuke: Giant Sanden musika ez zen sasoi bateko countrya ezta Nashvilleko irrati-formuletan entzuten zena ere.
Duela zenbait urte, entzule eta aldizkari espezializatu guztien ahotan ibili zen americana, eta horri esker heldu ginen batzuek Hank Williams, Patsy Cline, Skip James, eta abar entzutera. Baina ez dut uste Estatu Batuetako XX. mende hasierako musika tradizionala ederra izan zitekeela ikusteak bestelako musika tradizionalen gaineko ikuspegi aldaketa bat ekarri zuenik —denek ez dute-eta inperioaren indarra beren tradizioa hegemoniko bihurtzeko—. Eta ez naiz Afrikako musika tradizionalaz ari. Esate baterako, Zuberoako tradizio musikala ezezaguna da oraindik euskal entzule gehienentzat; adibide bat jartzearren, Etxekopar, Oihenart eta Arotzek egindako Lürralde zilarra disko bikaina ez dut ia inoiz aipatuta ikusi.
Horrek sorkuntzan ere eragiten du. Euskal Herrian errazago ikusiko dugu musika talde bat country musika berritzen —edo bestek egindako berrikuntzak mimetizatzen—, hemengo musika tradizionala zer izan daitekeen pentsatu eta hura berritzen baino. Eta Wayfaring stranger Argizagiak argitzen düzu bezain gurea ikusten dut, hura bezain gurea egin dugu, baina euskal sortzaileak bigarrenaren bidetik ekarpen handiagoak egin ditzakeela uste dut. Mikel Laboa, Akauzazte edo Beñat Axiariren musikagintzari begiratzea baino ez dago.
Bi ahotsetara
Tradizioa berritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu