Taviani anaien Cesare deve morire lanak eskuratu du Urrezko Hartza Berlinen, baina aurtengo ekitaldian Basque Day eguna antolatu izana litzateke aipagarriena. Iaz Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Mugaritz BSO ikusi ahal izan zen Kulinarisches Kino zikloan, eta, euskal sukaldaritza promozionatzeaz gain, gastronomiaren eta zinemaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartu zuten euskal sukaldari eta Zinemaldiaren arduradunek. Sukaldaritza modan dagoela ez dago esan beharrik. Duela gutxira arte ez zen ezagutza kontsideratzen, ustez jana prestatzea ekintza errepikakorra eta hutsala zen; tradizioarekin lotura handia zuen, eta, emakumeen esku utzitako jarduera izanik, ez zuen inolako prestigiorik. Burgesek politika, zientzia eta artea izaten zituzten hizpide, eta janariaren inguruan hitz egiten zutenak ezjakinak besterik ez ziren. Orain, sukaldariak izar bilakatu dira, eta egiten dutena sorkuntza eta artetzat daukate adituek.
Zinemaren hastapenetan, literaturako klasiko handiak moldatzeari ekin zioten, eta horrek gerora zazpigarren arteari estatusa eta ospea eman zion. Literaturaren eta zinemaren arteko elkarlanak zinemaren inguruko ikerketa kritikoak sustatu zituen akademian, eta orain, sukaldaritzaren eta zinemaren arteko loturari esker, jaialdirik entzutetsuenetan sukaldaritzaz lasai asko hitz egin daiteke. Zinemaren historian sukaldaritzari ez zaio garrantzi handirik eman; arropak, makillajea eta eszenografia... garrantzitsuagoak izan dira, eta janariarekin lotutako kontuak bigarren maila batean geratu izan dira. Makillajea eta arropa, adibidez, izarra erakargarriago egiteko ezinbestekoak izan dira. Bestalde, janaria sexua bezain arriskutsutzat jotzen zen; Chocolat filmean kristau zintzoek janariarekin zuten harremana primeran islatuta agertzen zen; asko jatea bekatua zen, eta tentazioan erortzea saihestu behar zen. Orain, sexuak bezala, lehentasuna erdietsi du.
Zinema. Fantasien gatibu
Sukalde kontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu