Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

'Polska News'

2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Czécs Polskatik, kaixo! Wroclawera heldu berri naiz, Donostiarekin batera Europako 2016ko kultur hiriburu izendaturiko hirira, baina ez naiz horren aitzakian etorri, ez inoren enkarguz ezta inolako erakunderen babesean ere, neure kabuz baizik, arrazoi sentimentalak tartean. Ulertuko duzue, horrexegatik, zutabe hau hiriari eskaintzea, are gehiago bere ikur-berbak miasto spotkari (topaleku) direla jakinda.

Historikoki elkargune izateko bokazio horri esker, aniztasun handia bildu omen du Wroclawek. Ez daukat, ordea, horri buruzko publizitate-kanpainarik egiteko asmorik, eta bai hiria irakurtzekoa, zer batek edo bestek iradokitzen didatena harrapatu eta, ahal dela, lotura literarioren bat egitekoa. Horixe du on paisaia-aldaketak.

Zelan hitz egin, ezagutu orduko maite dudan hiri bati buruz? Nola igarri Odra ibaiak, udaletxeko erloju urrekarak, Rynek plazako etxe koloretsuek edota eliz dorreek bidaliko dizkidaten zantzuak? Nahi nuke, nola edo hala, paperean egonkortu berezkoa duen edertasunari edertasun gehiago gehitu nahi dion hiri honen erretratua.

Erretratuak egon badaude kaleetan, gizon-emakume irribarretsuen argazkiak. Ez diot taxistari ulertu zer haustekunde mota daukaten gainean, baina bai datorren asteartean, azaroaren 11n, dena itxita egongo dela, Independece Day delako. Iaz iskanbilak izan omen ziren, talde eskuindar ultranazionalistek Jainkoa, ohorea, aberria lelopean bazterrak astintzen ibili zirelako. Eta halaxe egin dit salto memoriak, di-da, Adam Mickiewicz poetarengana (abizena ez zait gogoratu momentuan; aitortzen dut Internetek lagundu didala). Poloniar erromantizismoaren aitatzat hartzen den Mickiewiczek gai nazionalistak jorratu, eta bere herriari hainbestetan jarraitu zaion erbestearen malenkonia adierazi zituen. Askatasunaren irudi epiko —eta melodramatikoa— taxutu zuen, Krimeako sonetoak sortan, kutsu orientalista nabarmenez jantzita (Polonia-Lituania mankomunitatean jaio baina Konstantinoplan hil zen, 1855ean). Krimeako penintsula dela-eta gaiztotu dira, hain zuzen ere, Polonia eta Errusiaren arteko harremanak azkenaldi honetan, bigarrenak pasa den udaberrian Ukrainari kendu eta anexionatu duenetik.

Baina gera nadin Wroclawen, urrunago joan barik, berau ere izan baita jende handiaren jaioterria ere. Wroclawtarra izan zen, adibidez, Jan Jesenius, Europan lehenbiziko autopsia egin zuen anatomista protestantea, torturapean hil zutena XVII. mendean, eta Milena Jesenskaren —bai, geroko geroan Kafkaren gutunen hartzaile ospetsua izango zenaren— arbasoa. Bertokoa zen Angelus Silesius aszeta, esaldi aierukor hura utzi zuena: «Larrosak ez dauka zergatirik: loratzen da loratzen delako». Bertokoa zen (Wroclaw Breslau zelarik, Alemaniaren zati, pasa den mendearen hasieran), Dorde Andrejevic-Kun pintore antifaszista, 1936ko gerran Nazioarteko Brigadekin ibilitakoa. Bertokoa Moritz Moszkowski konpositorea. Eta bertokoa Edith Stein, filosofo katoliko baina jatorriz judua, Auschwitzen naziek erre zutena.

Holokaustoa eta poloniar idazle juduak, alabaina, hurrengo baterako utziko. Eta aipatuko beste batzuk ere, garaikideak, hain kutuntxoa bihurtu dugun Wislawaren aldean ezezagunago. Eta kondairetan konpartitzen ditugun herensugeak eta iratxoak ere agertuko dira hona? Beharbada. Bitartean, koadernoa zirriborratzen arituko naiz, bidaia hau antzua gerta ez dadin, neure larrosaren zergatiaren bila. Aurrez zehaztezina den metamorfosi baten ondoren, agian mardulduko da eta mereziko du erakustea. Na razie Polskatik, laster arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.