Bernardo Atxagaren umetako oroitzapenak eta bizitzako buruko hodeiak liburuetako pasarte bihurtzen dira. Kasu honetan, ordubeteko dokumental batean: Leku hutsak, hitz beteak.
Elurra ari du Obaban. Ume basati bat jaso dute eta lasai dirudi, baina elurra hasi denean kalera irten eta hor hasi da pozez zoratzen zilipurdika. Beste mutil bat, adimen urritasuna duena, jostundegian gorde da. Emakumeen mundu erakargarri bat ezkutatzen da herriko jostundegian. Elizan, berriz, boxeo txapelketa garrantzitsu baten borrokaren ostean, mutikoak hasi dira mutur-joka, boxeolari onenen pare. Adan gaixo jarri da aurrenekoz paradisutik irten eta gero, eta hilko dela iruditzen zaio. Inoiz gaixotu ez eta gripea hartu duen Bernardoren auzokide bat da Adan. Mundu berri bat deskubritu du gaztetan idazleak hirian. Isolamendutik irten da eta hainbat bazterretako iturrietatik edan. Baina gerora kontrako bidea egin eta Obabara itzuli da berriz. Eta txikitan tximista batek jo zuenean lekua eta unea argazki batean bezala oroitu ditu.
Atxagak aspaldi abandonatu zuen zinema, duela 30 urte inguru. Baina zinemak ez du abandonatu Atxaga. Montxo Armendarizen Obaba iradokitzailea horren lekuko. Ausarta baina zenbait unetan aspergarria iruditu zitzaigun iazko Zinemaldian Imanol Rayoren Bi anai. Ez dugu zorterik izan Zeru horiek ikusteko (ea TVEk egunen batean ematen duen). Gizona bere bakardadean zinemara eramateko proiektuak ez du momentuz aurrera egin, finantzaketa arazoengatik. Eta Soinujolearen semea-rekin lan bat egitekotan zirela esan zen, baina aspaldian ez dugu ezer entzun. Etorriko dira, edonola ere, Atxagaren liburuetan oinarritutako film gehiago.
Bitartean, aste gutxi barru, Joxeanjel Arbelaitzek zuzendutako dokumentala emango dute ETBn. Gustura ikusten den lana da, gehiago dastatzeko gogoz uzten duena. Ez du berritzailetik askorik, irudiz klasikoa, telebista konbentzionalerako egokia. Sautrela-ren faltan, literatura pixka bat.
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood
Obaba-Bilbo-Obaba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu