Ismael Manterola
Artea. Begiz

Mugak

2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Guggenheimen egun hauetan ikus daitekeen Brancusi-Serra erakusketaren arduraduna den Oliver Wick suitzarraren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen Arte Ederren Fakultatean. Baselen dagoen Beyeler Fondation izeneko erakundearekin batera antolatu du Bilboko Museoak bi artisten gaineko erakusketa.

Hain desberdin eta elkarrengandik hain urruti dauden bi artistak elkarrekin jartzearen arrazoiak baino interesgarriago iruditu zitzaizkidan erakusketak antolatzeko bi museotan egin behar izan ziren lanen azalpenak.

Richard Serraren eskultura erraldoi batzuk Beyeler museoan sartzeko fatxadako horma oso bat zabaldu behar izan zuten, eta hainbat aretotako zoruak indartu, burdinazko tonak sostengatu ahal izateko. Bestalde, Bilboko Guggenheimen lehen solairuko lurra indartu behar izan zuten Serraren The Consequence of Consequence, zortzi tona eta erdiko bi kubo pisutsuak, jarri ahal izateko. Azpian dauden biltegietan, lurretik sabaira pare bat zutabe antzekoak eraiki behar izan zituzten lehen solairuko lurra behera etortzeko. Aldi berean, Serraren pieza batzuk Guggenheimen sartzeko ibai aldeko fatxadako leihoa kendu behar izan zuten, eta ozta-ozta sartu zirela azaldu zuen Oliver Wickek hitzaldiko making off delakoan.

Bestalde, AEBetatik Europara Serraren lan batzuk ekartzeko erabili behar izan zuten itsasoko eta ibaiko garraioak (Rhin ibaia zeharkatu behar izan zuten Suitzara eramateko) ere ez ziren itxuraz merkeak izan.

Horrek guztiak erakusketen arduradunen lanaren gaineko hausnarketa egitea bultzatu ninduen. Alde batetik, badirudi mugarik gabeko lana dela; gaur egungo erakunde publikoek ordaintzen dituzten lan publiko erraldoietan bezala, dena da posible, norbaitek ordainduz gero, noski. Bestalde, non dago edozein lanbidek eskatzen duen etika? Erakusketa bateko arduradunak ez al du gizarte erantzukizunik? Ordaintzen duen norbait bilatzea al da gure lanaren helburua?

Bideragarritasuna ez da erakusketa batzuen antolaketan erabiltzen den hitza, nahiz eta diru kontu publikoak dauden bezala egon. Ez dakit Suitzan —edo, baita Suitzan ere—, baina lan kuratoriala, beste guztiak bezalaxe, muga batzuen barruan egin behar dela iruditzen zait. Bi museo eraldatu behar badira erakusketa bat egiteko, horrek esan nahi du ezin dela egin, edo beste erakusketa mota bat egin behar dela.

Museoak edo aretoak nik nahi dudan erakusketa antolatzeko moldatzea baino gehiago, museoetarako edo arte aretoetarako erakusketak antolatzea interesatzen zait, mugak onartzea ez baitio lan sortzaileari edo intelektualari zama handirik gehitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.