Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

Loreak, lorezainak

2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Logoa soilik ikusita zenbat marka izenda zenitzazke oraintxe bertan? Zenbat arropa marka? Zenbat auto marka? Zenbat gailu marka?

Etena. Arnasa hartu. Zenbat lore, landare eta zuhaitz ezagutu eta izendatzeko kapaz zara?

Historia, Jakoba Errekondoren moduko zuhaitz, landare eta loreen izen, bitxikeria eta sekretuen zaindariz beteta dago. Horace Walpole, XVIII. mendeko idazlea, eleberri gotikoaren aitzindari gisa ezaguna izateaz gain natura zale sutsua zen. Bere idatzien artean, Willian Kent paisajista ingelesaren lanari eskainitako On Modern Gardening, Anecdotes of Painting England (1780) saiakera dago. William Kent, ingeles estiloko lorategiaren sortzailea, XVII. mendeko Jakoba Errekondo bat izan zen. Ingalaterrako landareen inguruan ikerketa garrantzitsuak egin zituen, eta bide batez, lorategi frantsesaren etsai amorratua bihurtu zen: «Naturari ez zaiolako batere gustatzen lerro zuzena». Kentek sortutako lorategietan, naturari bere bidea egiten uzten zaio eta elementu arkitektonikoak landareen menpe daude eta ez alderantziz. «Lorategi bat egitea paisaia bat margotzea da», utzi zuen idatzita.

Pelikulak lorategien modukoak dira. Badira frantses estiloko lorategi antolatu eta perfektuak. Natura domestikatuaren edertasunaren erakusle direnak. Loreen kolore eta ikusgarritasunaz gain, lorategi bisitariaren erosotasuna bilatzen dutenak. Badira ingeles estiloko lorategi kaotiko eta aldakorrak ere. Argia soilik bilatu beharrean itzalak ere bilatzen dituztenak. Lorategi hauetan, lorerik xumeenak ere, ingurune basatian bere nortasuna eta emozio gaitasuna erakusten du. Eta badira oraindik, zorionez, Berlingo parkeen moduko gutxi batzuk ere. Belar gaiztoak eta onak ezberdindu gabe, naturari bere bidea egiten uzten dioten lorazainek zaindutako lorategiak.

Nortasun ezberdineko lorategiak daude. Gutariko bakoitzari, lorategi bat bestea baino gehiago gusta dakioke. Baina horrek ez du garrantzi gehiegirik. Benetan garrantzia duena, lorategietako zuhaitza, landare eta loreak zainduko dituzten lorezainak izaten jarraitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.