Lorea Agirre.
Katuajeak

Logoa logo truk (1)

2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak diruz lagundutako hedabidea, argitalpena, diskoa, antzezlana, arte erakusketa edo dena delakoa. Berdin dio. Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak diruz lagundutako X. Esaldi hori logotipo bat da berez, diruz lagundutako ekimen eta produktu guztietan agertzen dena. Bada, logo horixe kentzea eta desagerraraztea izan zen Kataluniako hiruko gobernuaren bigarren legegintzaldiko Kultura Saileko ardura hartu zutenen lehen egitekoa. 1996a zen. Kendu, ezabatu, ez gehiago argitara ekarri. Ez zedila gehiago agertu liburuetan, ez diskoetan, ez arte erakusketetan, ez inon. Ez kultur ekimenak diruz laguntzen jarraitu ez zutelako, baizik diruz lagunduari trukean logo hori leku ikusgarrian jarri zezan eskatzeak fabore baino kalte egiten zuela erabaki zutelako.

Kalte, bereziki katalanezko kulturari. Argi ikusi zuten. Beti lagundua dena, beti laguntza behar duena gutxitu gisa ikusteko joera ezin da ekidin, zioten, bigarren mailako kultura bihurtzen dela askoren begietara. Eta jakina da Katalunian gutxitu izatearen diskurtsoak aspaldi galdu zuela indarra; bai hizkuntzaren eta bai kulturaren gaineko erretorika beharrezkotasunean, asko izatean eta harrotasunean oinarritzen da gaur egun, gurean egiten dugunaren kontrara. Baina ez hori bakarrik. Kontrakoa ere bai, logoak tratu pribilegiatua duela ematen du aditzera, katalanezkoa beste hizkuntzetakoa baino askoz hobe eta gehiago zaintzen dela, eta, jakina, hori ez da justua.

Hori alde batetik; bestetik, hainbat unibertsitatetatik etorritako kultur kudeaketa eta hizkuntz normalizazioan aditu ziren kudeatzaile berrien taldeak, galdera egiten zion bere buruari, ez al da hori, diruz laguntzea, besteak beste, aginte politikoaren eginbeharra? Zertara propaganda bilatu nahi hori? Ematen duen dirua ez al da ba publikoa? Denona, denon poltsikotik datorrena? Eta, galdera gehiago: zer ez da diruz laguntzen sistema honetan? Kulturak bakarrik jasotzen al du dirua? Eta petrolioa, auto enpresak, jantzi industriak, nekazaritza, abeltzaintza, ardogintza, turismoa ez al dira diruz laguntzen? Horiei eskatzen al zaie logoa leku ikusgarrian jar dezaten?

Zergatik liburu batek eraman behar du logo hori eta ez ardo botila batek edo auto batek?

Zer ematen dio kulturak logo horri? Zilegitasuna, dudarik ez da, gobernatzen dugunon lan onaren zigilu bihurtzen da: halako ukitu kultu jaso bat ematen dio zenbaitetan, distira kapa bat; herrikoitasun bat eta bertako kulturarekiko lotura itxura bat bestetan, moderno eta are transgresore puntu bat inoiz, neurrian beti ere. Zer behar duen, hura. Hori guztia beti datorkio ondo aginte politikoari. Aurresku dantzaria errepide berriaren zinta mozketan, edo graffiti pintoreak kultur etxearen irekieran. Logoa logo truk, azkenean. Ondo datorkio baita ere kultur eragileari edota sortzaileari, baina kultur produktuari eta kultur sistemari berari on egiten al dio? Logoak zer ematen dio kulturari? Menpekotasun bat, agian, halako bezatze bat. Baliteke. Baita kanon bat ere, ziurrenik: zein dira baldintza estetiko ideologikoak logo hori eskuratzeko? Nori ematen zaio? Eta, bestalde, nork nahi du? Eta nork ez? Nor dago sistema horretan eta nor ez?

Logoak non kokatzen diren ikustekoa izaten da. Hasi bila, eta tesi baterako eman lezake. Badirudi logoa non eta nola jarri gauza asko esan ditzakeela: produktu horrek boterearekiko (eta boterean dagoen alderdiarekiko) ze atxikimendu duen, kultur kategorietan non kokatzen den (goi kultura, herri kultura, masa kultura) eta baita ze erakunde, talde edo enpresa mota den (herri ekimenekoa, pribatua, erakunde parapublikoa, talde alternatiboa...).

Askotan eta lantegi desberdinetan egokitu zaigu logoa non jarri erabaki beharra, eta ia beti eztabaida luze eta sakon eta errepikakorretan bukatu izan dugu. Eta askotan erabakiak diferenteak izan dira, ondo jakin gabe zergatik, baina gure ideologia eta aurre-juzku guztiak erantsi dizkiogu logo horren kokapenari, eta horrenbestez produktuari. Behin ez genuen jarri, egia esan ahaztuta, eta orduko arduradun politikoak egunon esan aurretik gaztigatu gintuen, nola enpresariak praktiketako langilea bezala: hurrengorako logoa azalean jarrita ikusi nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.