Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

Izarren ordua

2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Zinemak eta literaturak aterpe zabala eman diote Daviden izarrari, halako eran non Jahvek Historiaren hasieretatik bere herritzat hautatutakoaz sobera asetu eta oka ere egin izan dugun. Hala ere, Patxik eta Katixak azken zutabeetan mintzagai izan duten kaligrafiaren harira tripa-zorriak piztu, eta hona hemen ezusteko eskuidazki batek iradokitako zizka-mizka batzuk.

Krakoviako auzo juduaren mugan bada sinagoga bat, atzealdean kanposantua daukana. Bertan behera utzitako larre baten antza luke, hilarriengatik ez balitz. Ez dago xendarik. Gaztainondoen orbelak belarra horitzen du, eta langarrak irudimena umeltzen. Izan ere, hilarri gainetan harri-koxkor ugari dago, eta beti ere kasualitate esanguratsuen bila nabilen honek zalantza egin nuen ea zer esan nahiko zuten harritxo mordo haiek: hildakoari eginiko bisita kopurua? Betetako promesak? Eskainitako otoitzak? Hilobi bakan batzuetan, gainera, paperak ere baziren harripeetan, bustita eta zimur. Nago oharrak edo gutunak zirela, errespetuak eskua geldiazo baitzidan paperok miatzen hasteko. Egunkari-orri tolestu bat ere bazen, agian hildakoak edota haren ingurukoek luzaz itxarondako albiste baten berri ematen zuena. Lorerik ez batere; harriak harrien gainean eta paperak.

Kontua da paperotako baten azpialdea agerian zegoela, idazkera ikusteko moduan. Idazketaren alderdi organiko atsegingarrian bai baina grafologiaren zirrikituetan barneratzeko gai ez naizelarik, esan behar itzela iruditu zitzaidala mezua yiddish hizkuntzan idatzita egotea. Are gehiago kontuan izanik Bashevis Singerren Kafkaren lagun bat bildumako ipuinak irakurtzen ari nintzela. Erasoaldi naziaren hasieretan Estatu Batuetara erbesteratu eta betiko bertakotu zen arren, yiddish hutsean garatu zuen bere lana. Narrazio batzuetan giro zaharra islatzen du—errabinoen, erremolatxa zoparen eta zapatuko ohituren mundua—, eta beste batzuetan New Yorkeko bizimodua, kasu askotan narratzailea bera eta protagonista bat datozela (natural-natural mamitu zuen autofikzioa, hain aspalditxo). Judutasunaren aro garaikidea zeharkatzen du —ghettoek, holokaustoak, diasporak, kibutzek eta abarrek tokia dute narrazioetan—, deskribatzaile urrunduak maite duen proportzio neurritsuan. Eman zidan zer pentsatua: «Judu modernoak ezin du bizi antisemitismorik gabe. Antisemitismorik ez balego, judu modernoak asmatu egin beharko luke. Judu modernoak odoletan egin behar du Gizateriaren alde (…)». Ederra paradoxa gaurko talaiatik begiratuta.

Eta jarrera kritiko horren beste muturrean, Singer bezala Nobel sariaz jantzitako beste idazle bat, Nelly Sachs. Familia osoa galdu eta gero, Suediara ihes egin eta hantxe kokatu zen Israelen patuari kantatzeko. Haren poemak Bibliako erreferentziaz jositako himnoak dira, «kontzentrazio-esparruetan hildako neba-arreba guztiei» eskainiak. Espiritualtasun juduaren poeta errime hau egoera historikoak sarietan izan lezakeen eraginaren adibide egokia da.

Baina berebiziko aurkikuntza Zofia Nalkowska izan dut, poloniar abangoardiaren bultzatzailea. Pasa den mende erdian Varsoviako saloi interesgarrienaren arima, eta gerraondoan Hitlerren krimenen ikerketa batzordeko kide izana, lekukotza aparta utzi zuen Medaliony liburuan. Erreportaje kutsuko prosa zehatz eta bareak gordintasunaren edertasunaz zartatuko zaitu.

Horrelaxe kontuak. Daviden izarra aipatzea ez da milagro abenduan egonda. Baina beste izar baten ordua dugu gainean. Agur, eskerrik asko eta distira on txoko honetan lagun egin didazuenoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.