Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Ikara

2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Duela bi larunbat Diana Fabianovak zuzendutako Moon Inside You (La luna en ti, 2009) dokumentala emititu zuten La noche temática saioan. Kaleko edozein gizonezkori hilekoari buruz galdetuz hasi zen, eta, euren aurpegiak ikusita, hilekoak estralurtarren kontua zirudien. Antza denez, hilekoa tabu bat da, oraindik ere, gaur egun. Iruditerian kastrazioaren ideia nagusi da, eta beldurra eta nazka sortzen du. Elsimar Coutinho medikuaren ustez, ez da naturala, ezta normala ere, eta bere bezeroei hilekoaz libratzeko aukera eskaintzen die. Gaixotasun gisa ulertzen du. Emakumearen gorputza ez da existitzen, eta ezezaguna denak ezinegona sortzen du. Beste kultura batzuetan, hilekoa ezkutatu eta ukatu beharrean, gorputza txikitatik landu izan dute, eta emakumeek euren gorputza ezagutzeko eta trebatzeko tresnak bereganatu ahal izan dituzte. Gorputzaren zikloa onartu eta baloratu behar da, baina, horretarako, misoginiaren ondorioz sortutako aurreiritziak deuseztatu behar dira. Pilar Pedrazak hilekoari zineman eman zaion tratamenduaz hausnartzen du La venus barbuda y el eslabón perdido saiakeran. Carrie (Brian de Palma, 1976) filmak primeran islatzen du hilekoak sortzen duen beldurra, beldurrezko testuinguru batean kokatzen baitu Carrieren istorioa, eta deabruaren kontua dela dirudi. Emakume izatea maldizioa dela ondoriozta daiteke. Carrieren egoera ulertuko duen bakarra gimnasiako irakaslea izango da, gorputzari beldurrik ez diona, hain justu. Norbere gorputza ezagutzea ezinbestekoa baita zoriontsu izan ahal izateko. 70eko hamarkadan zineman bortxaketak areagotu egin ziren, eta emakume izatea zein arriskutsua den argi utzi nahi izan zuten kontserbadoreek. Hilekoa, berriz, hain gauza naturala izanik, ez zen pantailan tratatzen, eta, pantailan agertzen ez bazen, lotsatu beharreko gauza zen. Jane Campionek naturaltasun osoz tratatu izan du. Ez da kastrazioaren sinboloa, biziarena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.