Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

Hipopotomons-trosekinegrafo-pedaliafobia

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hitz luzeei izaten zaien fobiari hipopotomonstrosesquipedaliofobia esaten zaio. Grezieratik dator. Hipopoto (handia) monstro (monstruosoa) sesquipedali (latinetik datorren hitz handia) eta phobos (beldurra). Ironikoa da hain hitz luze eta aldrebesa erabiltzea, hain zuzen ere, hitz luze eta aldrebesei zaien beldurra edo fobia definitzeko.

Hitz dagoen tokian jarri orain Grezieratik datorren kinegrafo (irudia mugimenduan) eta azkenaldian zine aretoetan bizi dugun fenomenoaren izena lortuko duzu: hipopotomonstrokinegrafopedaliafobia. Pelikula luzeei fobia. Ni partikularki, aspaldidanik garatzen ari naizen beldur kontrolaezina. Zergatik dira hain luzeak filmak? Hobe esanda. Zergatik dira hain luzeak laburragoak beharko luketen filmak? Film orok, istorio orok du bere neurria. Berdin istorio hori kontatzeko literatura, musika, pintura edo zinema erabiltzen dugun. Ezin da Tolstoiren Gerra eta bakea bi orrialdetan idatzi, ezin da Mozarten Requiema hiru minutuko single batean laburtu, ezin da Picassoren Gernika koaderno batean pintatu eta ezin da Ben-Hur bost minutuan kontatu.

Baina kontrakoak ere ez du zentzurik. Eta iruditzen zait, prestigioaren edo ez dakit beste zein arrazoiren poderioz, sorkuntzaren alorrean ere tamainak garrantzi gehiegi hartu duela. Ordu eta erdian konta litezkeen istorioak bi ordu eta gehiagora joaten zaizkigu nahi baino gehiagotan. Eta kasurik okerrenetan, 20 minuturako ere ematen ez duen istorioa, film luze bihurtuta sufritzen dugu pantailetan.

Mantra bat beharko luke: muntaketa ez da soilik planoak elkarrekin lotzen dituena, muntaketa, sobera dagoena kentzen duen artea ere bada. Istorio bakoitzari behar duen erritmoa eta neurria ematen diona. Luzerak, tamainak, neurriak ez duelako sorkuntza hobea edo kaxkarragoa egiten.

Hobea al da Tolstoiren Gerra eta bakeaPoeren Putzua eta pendulua baino? Hobea al da Mozarten Requiema Cohenen Hallelujah baino? Hobea al da Picassoren Gernika Turnerren Euria, lurrina, abiadura baino? Hobea al da Ben Hur, Aitzol Aramaioren Terminalbaino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.