begona del teso
Eppur si muove

Hilobiz haraindiko berriak

2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Zinemaldi guztiek egin dute saioa. Berebizikoa. Indar osoz. Direna eta ez direna ere harroxko aurkeztuz. Veneziak nahi zuen. Locarnok ere bai. Berlinek zer esanik ez. Gehi, jakina, fantasiaren eta izuaren aurrean belauniko jartzen direnak, zoriontsu eta zorioneko. Baina ekoiztetxeak ezezko biribil batez erantzun die denei: The Witch, The Lighthouse eta The Northman arras txundigarriak sortu dituen Roger Eggersen Nosferatu-k ez du festibalen erronda, zirkuitua egingo.

Batzuek errezeloz hartu dute erabakia. Zergatik, mila demonio, ez egin planeta osoan oihartzuna, sona eta isla izango zukeen estreinaldi ikaragarria Lidon, Veneziako hondartzetan, non herioa hain gustura ibili baita beti? Nolatan egin die errefus Drakula, Frankenstein, Gizotsoa, Jaws-eko marrazoa eta abarrak —zeluloidean— ezagutzera eman zituen Universal ekoiztetxeak hainbat eta hainbat luxu eta eragin handiko gonbit horiei? Ez al daude ziur, ziur-ziur, filmaren kalitateaz? Edo, aitzitik, aro honetako mirari infernuzkoa dutela zakuan, esku artean, pantailan uste dute fier?

Horrelako galderak egiten dira egunotan munduko festibalen eztabaida-leku eta sareetan. Zaleok, berriz, konfiantza osoa dugu Eggersengan eta Maisuarengan; Rogerrengan, eta banpiro nagusi eta lehenbizikoa denarengan. Zergatik? Bien zerbitzari eta esklabo leialak garelako. Baina, horrez gain, trailerra ikusi dugulako. Eta horra hor horrenbeste maite dugun Lily-Rose Depp (Johnny Deppen eta Vanessa Paradisen alaba, Tusk beldurrezko komedian deskubritu genuena) Gaitza nondik ote datorren galdezka. Bere burua kuestionatuz, bai; gure barrenetatik, edo kanpotik eta kanpokoengandik?

Ez dugu duda izpirik filmaren kalitateaz, hor ikusi baitugu horren sakon estimatzen dugun Yorgos Lanthimosek horren estimu handitan duen Willem Dafoe, banpiroen inguruan beste guztiek baino gehiago dakien irakaslearena egiten.

Konfiantza osoa dugu Nosferatu horretan, izugarria iruditu zaigulako estreinaldirako erreserbatu duten data: aurtengo abenduaren 25a. Ez da izango, ez, Gabon aurreko amesgaiztoa (Nightmare Before Christmas) baizik eta... Eguberriko mamurik ederrena!

(ID_17218210838865) NOSFERATU
Roger Eggersen 'Nosferatu' filmaren fotograma bat.

Ez gara desesperoan eroriko, Hegoaldean eskura baitugu, ederki dakizuen legez, Atlantida zinemaldi onlinekoa, Filmin plataformak babestutakoa. Bertantxe, Bertrand Mandicoren She is Conan filma da eskuragarri; bai ezusteko sekulakoa!

Ez eskatu niri film honen izana agertzeko. Ezin dut eta. Ikusiko duzuena ez duzue momentuan sinistuko; ikusi eta gero, ezingo duzue esan zer ikusi duzuen. Ez baitago hitzik azaltzeko. Bai, jakina, oinarrian, inspirazioan, ardatzean, aitzakia moduan bada Robert E. Howarden abenturazko klasiko hura, John Miliusek eta Schwarzeneggerrek pantailara ekarri zutena, alegia.

Ez eskatu niri 'She is Conan' filmaren izana agertzeko. Ezin dut eta. Ikusiko duzuena ez duzue momentuan sinistuko; ikusi eta gero, ezingo duzue esan zer ikusi duzuen. Ez baitago hitzik azaltzeko

Ahaztu, baina, erreferentzia gisa filma eta nobela, horrek ere ez baitizue ezertarako balioko. Bai, emakume bikingo gaur eta biharkoak badira. Bai, badira ezpatak. Bai, bada azeri-maskara daraman kontalaria, kamera bat eskuan, zinema sortzen duena. Bai, bada auto bat, Julia Ducournauren Titane burura eta erraietara ekarriko dizuena. Baina ez geratu auto gainean, arren, segituan ulertuko duzue erreferentzia horrek ere ez duela ezertarako balio.

Nosferatu-ren zain gaudela, ea ausart nahikoak garen She is Conan ikusteko. Ez du ematen zeluloidez eta zeluloidean egina denik. Esango nuke urez eta uretan, zilarrez eta zilar emultsiotan dela sortua...

Maisuaren esperoan («He is coming», «badator» aditzen da, arkanbele lelo gisa trailerrean) gaudeneko egun hauetan, zeintzuetan Irati-k eta Sobre todo la noche-k bat egiten duten Baionako L'Atalante zinema aretoan, izan gaitezen balent askoak.

Gabon kantekin hartuko dugu Nosferatu abenduan. Bitartean, sartu Atlantida eta Galacticat zinemaldien webetan (Filminen bitartez), eta, uztaila bukatu arte, gozatu sakrilegio ederrez, hala nola Albert Serraren Pacifiction zein Sofia Exarchoren Animal filmez. 

Ez ahaztu, otoi, uztaila bukatu orduko, pelikula horiek guztiak, Errauskineren karroza nola, gure begi bistatik desagertuko direla.

Ez erori, arren, desesperoan, badugu zer egiteko franko. Iparraldean bazaudete, hasi ordainsari ikaragarria izango duen bilaketa batean... Non ikus daiteke Bidasoaren alde hartan eta haratago Noemi Merlant aktoreak zuzenduriko The Balconettes terrorezko komedia ero eta basa? Bai, Tar filmean ikusi genuen Naomik kamera hartu, eta... jendea ahoa bete hortz karraskaka geratu da! Zuenganatu bezain pronto, pasatu informazioa. Esker mila aunitz.

(ID_17218214248765) SHE IS CONAN
Bertrand Mandicoren 'She is Conan' filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.