Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

Gizon bat balkoian nola

2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Atzo gauean, Bilboko Alde Zaharrean etxerako bidean, pausoa bizkor eta lagun batek lehentxeago utzitako liburu bat besapean neramala, liluramendu bat izan nuen, begien tranpa bat. Balkoi batean irudi bat ageri zen, guztiz beltz ikusten zena barruko argiaren kontrastean. Merkataritzan erabiltzen diren silueta lau horietako bat begitandu zitzaidan hasieran, giza tamainan egina; izan ere, eraikinaren beheko solairuan jantzi-denda bat dago. Zergatik egin zitzaidan arretagarria? Eskuan liburu bat zeukalako.

Liburu bat, noiz eta zutabe hau idazteko anekdota baten bila nenbilenean (ezen azkenaldi honetan kezkatuta azaldu baikara geure eta inoren irakurzaletasunaz eta irakurgaiez, ezta?) Begiratzeko geratu nintzen unean, siluetak zirkin egin zuen, eta zigarro baten mutur goriari erreparatu ahal izan nion. Laburbilduz: manikia ez zen halako, gizon bat baino, erretzearren balkoira atera berri, liburu bat lagun, gaueko freskuran. Grinatsua izan behar, bai erretzeko, bai leitzeko.

Leitzeko grina hori betidanikoa eta berezkoa izan ote duen edota norbaitek edo zerbaitek piztu ote dion sekula jakingo ez dudala (nahiz eta etxepe horretatik berriz pasatzeko tentazioa sentitzen dudan, egia esanda), berretsi nuen, beste behin ere, Martin Garzok esan moduan, literaturara heltzen garela ipuinetako uharte magikoetara bezala, ez baten batek eskutik eramaten gaituelako, uhartea bera bidera ateratzen zaigulako baizik. Balkoiko gizona nola.

Ezusteko topaldi magikoen iraupena eta esangura gorabehera, hiru egun eman ditut Kordoban, Cosmopoética izeneko nazioarteko topaketan, gonbidatu pribilegiatu bat beste batzuen artean. Esan dezadan, bide batez, iruditu zaidala Andaluzian poetak daudela kastañuelak baino gehiago, eta baita poesiazaleak ere, aretoak mukuru egon baitira ekitaldi guztietan, kontenplazio aktiboaren eredu.

Badakigu afektu poetikoaren tenperatura mirespena dela eta txalotan neur daitekeela, zehatz jakin ez arren zerk jotzen gaituen erdi-erdian eta zergatik. Eta badakigu idaztea dela oinordetzan jasotako tradizio bat etengabe berrasmatzea. Orduan, zeri esker sortzen da poeta onaren nortasuna? Eragina duten iturriak aukeratzean dituen azertuetan?

Ofizioak erakutsi digu idazleon tasuna ez dela sentitzea, baizik eta besterengan sentimenduak sortzeko ahalmena izatea. Poesia abegikortasun ariketa bat da, testua gune publiko bat bilakatzen delako, irakurleak bere partzela bertan okupa dezan. Igarkizun baten antzera, poemak eskatuko dio pentsatzeko, asmatzeko eta osatzeko. Uharte batzuk errebesak dira izan.

Baina poesia irudimen-ariketa ere baden neurrian, guri ere eskatzen digu alternatibak bilatzen irakurlearen tokian jartzeko. Zentzu horretan, beste poetei entzunez, berretsi dut funtsezkoa dela boterearen partetik hainbesteko kontrol dagoen gizarte honetan, norberaren kontzientzia menderatzea. Ez dago komunikaziorik norberaren burua ezagutzeko esfortzutik ez datorrenik: poetak autokontrol zorrotza behar du ni poetiko-erromantikoa eta ni sakona ez nahasteko, eta borroka egin behar du esan nahi duenaren eta esateko moduaren artean garaua, alea, garbi emateko. Poesian, egia deritzogun hori ez da abiapuntua, helmuga baino.

Lagunok, udazkeneneko txanpan ibili gara Bretainiatik Essaouirara, eta Magrebetik Afrika Beltzera, Al-Andalusen ere geldialdi txiki bat eginda, gure gogoetak kokatzeko. Nire hurrengo albisteak, okerrik gertatzen ez bada, Poloniatik… Lasai, kontatuko dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.