Urte eta erdi bada Bilboko Alde Zaharrean Debalde izeneko denda zabaldu zela. Dirurik behar ez den denda da, bertakoek diotenez «kapitalismorik gabeko gunea». Lokalean sartu, eta apal eta esekigailuetan dauden arropa, liburu edo pelikulak, behar izanez gero, hartu eta eraman. Xentimorik ordaindu gabe. Horixe da denda honen misterio guztia. Behar baduzu eraman. Ez baduzu behar ez eraman. Eta behar ez duzunik baduzu utzi dendan behar duen beste norbaitek eraman dezan. Misterio gutxi du, hain sinplea da, baina ez da sinplea.
Gutxiagorekin bizi. Urtero neure buruari jartzen diodan helburua. Behar dudana baino ez. Zer behar dudan eta zer ez, asmatu behar lehenik. Zer den beharrezko. Eta zer da ba gaur egun beharrezko den gutxia? Jatekoa, edatekoa, janztekoa eta berotzekoa, dio lagun antropologoak. Horiek direla behar material minimoak. Horiekin bizi litekeela. Gehiagorik ez. Eta behartuz gero, krisi ekonomiko eta existentzial ikaragarria baletor, horretara aise jarriko ginatekeela, gure historian mende askoz gehiago eman ditugulako horrela bizitzen, beharrik ez duten gauzak kontsumitzen baino.
Zinema liburuak kontzertuak bidaiak autoa funtzio zehatzik gabeko apaingarriak, ez al dira beharrezko, luxua al dira. Beste lagun antropologoak dio ezetz. Gaur eta hemen horiek beharrak direla: zinemara joatea, liburuak irakurtzea, kultur ekintzetara joatea. Berdin, ordenagailua eta sarea, eta baita sakelakoa ere. Ez garela orain berrehun urteko gizartean bizi, ez garela orduko berdinak. Kontsumoa ere gure beharren parte dela, eta gure kulturaren oinarri. Eta krisi ekonomiko eta existentzial ikaragarria etorrita ere, tresna eta bizimodu askok ez duela atzera bueltarik, gure bizimoduan geratzeko iritsi direla, nola den munduari lotzen gaituen interneta, dagoeneko beharra dela, ez apeta edo luxua.
Krisi ekonomikoa hemen da, ate joka. Antza. Agian, barruraino ere sartu da, baina batek daki, hemen denok bizi gara berdin, beharrak eta apetak lehen bezalaxe asetzen (batzuek beste batzuek baino gehiago, beti bezala). Krisia inguruan dabil, ezagutzen dugu krisiak azpian harrapatu duenik, baina berdin jarraitzen dugu. Ez dago protestarik, ez dago su emandako bankurik, ez dago partekatutako soldata edo lanaldirik. Batek ez daki gurea itxurakeria hutsa den, edo eskutan dugun hogei euroko paperak benetan bihar hogei euro balioko ote dituen jakin gabe bizitzea. Aitatzen ez den bitartean krisirik ez balego legez, kaletik biluzik doan erregea bezala, edota denek ezikusiarena egiten dioten egongela erdian dagoen elefantearen presentzia itogarria nola.
Gauzen presentzia. Izen hori du liburu interesgarri eta berezi batek. Ez da liburu berria, baina Argia astekarian asteon berritu dute Pablo Sastreri egin dioten elkarrizketarekin. «Esango nuke, gaizkian ohitu garela, horrek problema asko sortzen digula, baina, neurri batean, nahi dugulako da. Edo, agian, gauzak erabiltzen ditugu ez dugulako asmatu horiei aurre egiten eta dakartzaten konplikazio guztiak onartu egin «behar izan ditugu», dio idazleak bertan.
Orain bost urte idatzitako liburua da, krisia ate joka zenik agian sumatu bai, baina geurean sartu gabe aurrera egingo zuela pentsatzen genuen garaikoa. Izan ere, krisiak norberaren atea jotzen duenean jaiotzen da bat, munduko biztanle gehien gehienak etenik gabeko krisian bizi direla ohartzeke. Bost urtean baina, gauzak zertxobait aldatu dira, eta horretaz ohartzen hasiak gara. Eta liburuaren irakurketak beste itzal bat hartzen du gaurko giroan.
Zer-nolako beharra dugun gauzena. Nolatan ugaritu diren hainbeste gure bizitzan. Gauzak, eta gauzak. Gure aiton-amonen egongela eta gurea. Zenbat gauzaren aldea dagoen. Bata, hain biluzia, behar ziren gauzekin: mahai aulki armairu baxera, argazki bakarren bat libururen bat. Gurea, behar ditugun gauzez betea: telebista wii play besaulki liburu musika film ordenagailu alfonbra argazki landare apaingarri. Gauzen presentziak asko esaten du. Behar ditugun beharrezko gauzak edo behar ditugun ez-beharrezko gauzak. Beharrak sortzea, hori da gure bizimoduaren oinarri, hainbesteraino non behar izate bera beharrezko bihurtu zaigun, gauzak eurak baino gehiago. Baina behar izateko gauzak ahitzen direnean, zer?
Katuajeak
Gauzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu