Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Federal Bureau of Investigation

2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Pelikulen bidez hain etxekoa egin dugun Federal Bureau of Investigationeko agenteek artxibo digitalak gordetzeko Megaupload web-plataforma ixteak hauts digitalak harrotu ditu, eta baita gure kontraerran analogiko-digitalen parean jarri ere. Berriz. Bere momentuan (bizitza normalean atzo, zero eta batekoan aspaldi) P2P sareen kontrako gerra hasi zenean, Megaupload bezalako konpainiek espazio gris alegal bat erabili zuten artxiboen trukea klandestinitatetik atera eta zerbitzu moduan aurkeztuz, nolabaiteko normaltasun bat erakusteko. Sarean bizi den edonork daki Megauploadek egiten zuena (eta antzeko plataforma anitzek egiten dutena) indarrean dauden legeen barrenean kokatzea ia ezinezkoa dela. Herrialde bakoitzaren legediaren gainetik salto egin eta sarean oinarritutako espazio legal berriak sortuz, oraindik inork argitu nahi ez dituen zalantzak eragin dituzte Megaupload eta abarrek. Eta jakina da, zalantzen aurrean, lehenbizi kondenatzea izaten dela egokiena. Badaezpada. Halakoak gara.

Kasualitatez, martxan iraun zuen bitartean Megauploaden erabiltzaileen artean internauta frantsesak ageri dira lehen postuan, Brasil, AEB eta Espainiaren aitzinetik hurrenez hurren. Voilá, pirateriaren kontra eta artisten eskubideen defentsan aitzindaria eta eredugarria den herrialdea legez kanpoko artxiboen trukeen buruan.

Pirateriaren aurka borrokatzen direnek erreflexioren bat egin beharko lukete, horrelako mugimendu estrategikoen ondorioei buruz. Sarea klandestinitatera kondenatzea ez zaio inori komeni: erakunde publikoen eta herritarren arteko distantziak zaildu eta urruntzeko arriskua duelako, batetik, baina, batez ere, gero eta argiago dagoenez, sareak berak duen potentziala edozein legedi baino indartsuagoa delako. Federal Bureau of Investigationeko agenteek egiten dutena egiten dutela, beraiei buruzko filmak eta telesailak deskargatzen jarraituko du jendeak, legalki edo ilegalki. Eta laster Megaupload itxi zuteneko kapitulua ikusiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.