Zer gertatu zen 2009ko urtarrilaren 9an? Bilboko Udalak Kafe Antzokia itxi egin zuen, Israelgo armadak Gaza bonbardatzen jarraitu zuen eta Iñaki Goirizelaiak EHUko errektore kargua hartu zuen, BERRIA-k hurrengo eguneko azalean besteak beste jasotako albisteen arabera. Baina egunkarietan agertu ez zen beste gertakari bat jazo zen egun hartan: Espe Lopez eta Txubio Fernandez de Jauregi aktoreak desagertu ziren, ordu berean eta leku diferenteetan. Bai, desagertu, aienatu. Geroztik, inork ez du haien berri izan, ez haien senideek, ezta haiekin lan egindakoek ere. Haatik, bi aktoreek utzitako arrasto gutxietatik abiatuta —haurtzaroko erbi disekatu bat, Emil Cioran eta Peter Handkeren liburuak, ahots grabazioak eta elkarri idatzitako gutunak, besteak beste—haien desagerpena ikertzen eta zenbait hipotesi lantzen hasi dira Monica (Espe Lopez) eta Rene (Txubio Fernandez de Jauregi).
Horixe da Ella y él: ficciones obraren mamia, hainbat urtez desagerturik eman ostean Legaleon-T taldearen izena —¡Ubu! eta El silencio de las xigulas-i betirako loturik gogoratuko dugun izena—— agertokietara itzularazi duen obraren mamia, hain zuzen ere. Norbera ez dagoenean besteen oroimenean geratzen den oroitzapena, norberak bere burua azaltzeko duen modua eta sorkuntzak egungo gizartean duen garrantzia edo garrantzirik eza hausnarketarako gai hartu ditu Irungo konpainiak, ohikoa duen umoreari atxikiz baina sormen eszenikoaren baliabideak zabaldu eta performanceari, fikzioko dokumentalari eta metantzerkiari ere leku eginez. Bilboko BAD jaialdian estreinatu zuen 2011ko azaroan, baina orain arte bakanak izan dira gurean ikusteko aukerak. Zorionez, horietako bat joan den igandean izan genuen Errenterian, Eztena teatro egunei esker.
Laugarren urtez antolatu du Mikelazulo kultur elkarteak Eztena jaialdia. Sortzaileak, ikusleak eta antolatzaileak harremanetan jartzeko helburuan beste urrats bat egin du, eta bost egunez herriko kale, taberna, liburutegi zein aretoetara eraman ditu antzerki eta dantza ikuskizunak; «forma edo gaiari dagokionez ausartak» diren obrak aukeratu dituzte, eta, Legaleonen kasuan bezala, zabalkunde erraza ez dutenak, batek daki zergatik. Hori da igandean ikusi genuen beste obraren kasua ere, Anakrusaren Tempus-i. Donostiako dFeria-n estreinatu zuten martxoan eta azokako errebelazioa izan zen, baina geroztik Leioan bakarrik taularatu dute. Noemi Viana eta Eneko Gil dantzarien ustekabeko agerpenetik bertatik ikusleen begiak eszenatokian iltzatzen dituen obra da Tempus-i, estetikoki oso ederra eta iradokitzailea, dantza garaikideak, Iñigo Ortegaren antzezpenak eta Oier Guillanen poesiak bat egiten duten pasarte zoragarriak eskaintzen dituena eta begietatik adina belarrietatik sartzen dena, Ebi Soriak landutako musika eta soinu bikainari esker. Ahalik eta lekurik gehienetan erakustea merezi duen harribitxi bat da, Errenteriatik azkenaldian iritsi zaizkigun sorkuntza interesgarrien zerrendari (Gure bide galduak, Hura ez da lekua…) gehitu beharreko beste bat.
Izan ere, Errenterian dago, gaur egun, euskal arte eszenikoen gune aktiboenetako bat, Mikelazulo elkartea epizentro duena, eta Dejabu Panpin Laborategiak, Metrokoadroka sormen kolektiboak (artistak, musikariak, antzezleak, idazleak edota bideogileak biltzen ditu) eta Kukai dantza taldeak sorturiko ikuskizunetan ez ezik Eztenaren gisako ekimenen sorreran eta filosofian — «kultura parte hartzaile, libre eta kritikoa bultzatzea»— islatzen dena. Antzerkia ulertzeko modu horrek, diziplinen arteko mugak hautsi eta norbere bilaketa prozesuarekin konprometituriko obra berritzaile eta garaikideak sortzeko apustuak 90eko hamarkadaren erdialdean Antzerkiola Imaginarioak eta Mina Espazioak euskal antzerkiari ekarritako errebultsiboa gogora ekartzen dute. Orduko akuilua gaurko eztenkadak dira.
Ilaran
Eztenkadak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu