Urtero, iraila iritsi eta Zinemaldia gerturatu ahala pelikulak ikusteari utzi egiten diot.Etxean ez dut telesail maratoirik egiten eta, oro har, ikus-entzunezkoen kontsumoa murrizten saiatzen naiz. Zinemaldi egunotan izaten den film betekadari aurre egiteko baraualdi moduko bat ezartzen diot neure buruari.
Aurten, ordea, ezinezkoa izan zait. Pare bat hilabete daramatzat, ia egunero, ohera sartu aurretik, ordenagailuan pelikulak ikusten. Dozenaka ikusi ditut. Molde guztietakoak. Zinemaldi hau ez den beste zinemaldi baterako film aukera egiten gabiltza. Eta ez da ariketa samurra. Esperientzia bitxia da. Batetik, bestela sekula ikusiko ez zenituzkeen filmak ikusteko aukera duzu. Bestetik, sekula ikusi nahi ez zenituzkeen filmak ikustera behartuta zaude.
Ordenagailuan pelikulak ikustea, deserosoa izateaz gain, ez da oso bidezkoa. Egileei eta beren lanei ez diegu justiziarik egiten. Baina ezinezkoa da beste modu batean egitea. Zinemaldi batek milaka pelikula jasotzen ditu, eta horietako bakoitza ikusteaz gain, film bakoitzaren txostena idatzi eta hartutako erabakiaren arrazonamendua eman behar da.
Eginkizun honetan esperientzia handiagoa duen lagun batek esaten zidan gimnasiora joatea bezalakoa dela aukeraketa batzorde batean egotea. Eta ez zaio arrazoirik falta. Muskulua irabazi eta zinemagintzan egiten ari denaren panorama ezagutzeko aukera ematen dizu, baina, gimnasioetan bezala, ordaindu beharreko prezioa ez da samurra: makina bat ordu asper.
Horregatik, gaur, Zinemaldiaren film aukeraketa egiteko milaka film ikusi dituzten horiek izan nahi nituzke aipagai. Ez egunotan zinema aretoetan ditugunak aukeratzeagatik, baizik eta iritsi ez diren horiek guztiak ere ikusteagatik. Nolabait, beren zine zaletasuna ere sakrifikatzen dutelako. Pelikula betekadek, eta are gehiago pantaila txikietan ikusi behar horrek, magia kentzen diolako zinemari.
Aurten apenas ikusi dudan entziklopedia dirudien Zinemaldiko katalogoko filmik. Urteetan egindakoaren kontrakoa tokatu zait. Betekada Zinemaldiaren aurretik. Baraualdia Zinemaldian.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA
Betekada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu