Inprobisazio Txapelketa Nagusiko finala jokatu zen atzo Artelekun, eta Alex Mendizabal izan zen onena: 318 puntu batu zituen. Leire Ugalde eta Ainara LeGardon izan ziren beste bi finalistak, eta bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, 285 eta 284 puntu pilatuta. Auskal Muturreko Musika topaketen hirugarren aldiaren barruan egin zen txapelketa, herenegun eta atzo.
Artelekura bildutako publikoak osatu zuen epaimahaia —60 bat lagun guztira—, eta, batez ere, Mendizabalek beraiekin bat egiteko erakutsi zuen gaitasuna baloratu zuten. Lehenik, puntuka aritu behar izan zuten finalistek. Eta gero, berriz, kartzelako gaiean, ondorengo egoerari aurre egin behar izan zioten inprobisatuz: Zure bizitzako lanpostua izan daitekeenaren zain zaude itxaron gelan. Baina kamera bat dena grabatzen ari da. Mendizabalek jendea kantuan jarri zuen bere inprobisazioan, eta horri esker nagusitu zen.
Finalistez gain, beste zazpi inprobisatzailek parte hartu zuten herenegungo kanporaketan: Oier Etxeberriak, Iban Urizarrek, Reyes Oteok, Niebla Fascistak, Ebi Soriak, Helenek eta Yolanda Urizek.
Alex Mendizabal garaile inprobisazio txapelketan
Irabazleak 318 puntu batu ditu; Leire Ugalde izan da bigarren, eta Ainara LeGardon hirugarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu