Aldaketa, orekaren seinale

Eraso taldeak zazpi urteko isilune diskografikoa hautsi du 'Ez gara inoiz hilko' azken lanarekin

Sergio Ruiz Glez-Txabarri, Iñigo Beitia eta Ander Izeta, Donostian eginiko aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zazpi urteko etena nahikoa izan liteke talde batek bere ibilbidea amaitutzat jo duela pentsatzeko. Are gehiago, aurreko hamar urteetan lau disko argitaratu eta jarraitzaile andana bildu baditu. Badira, ordea, disko-bira-disko eskemari izkin egiten dioten musikariak ere. Horietako bat da Eraso Zarauzko taldea. Zazpi urte albiste diskografikorik eskaini gabe igaro ondoren, lan berria kaleratu berri du: Ez gara inoiz hilko (Bonberenea Ekintzak). Etenaren arrazoiak, nolanahi ere, elementu askotan bilatu behar dira, Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri abeslari eta gitarristak azaldu duenez: «Kontra (2005) bi urte eta erdiz aurkeztu genuen zuzenean; nekatuta amaitu genuen, eta urtebetez geldiunea egin genuen». Tartean, bi taldekide guraso ere izan ziren, eta 2010eko Bilboko BBK Live-n jo ondoren, disko berria prestatzen hasi ziren.

Orduz geroztik egindako lanaren emaitza da Ez gara inoiz hilko, Erasoren ezaugarriak mantenduta, aurrera begiratu nahi duen diskoa. Izan ere, aurreko lau diskoetan bezala —Erantzunik gabe (Mil A Gritos, 1999), Oraina eta geroa (Mil A Gritos, 2001), Grisez bustitako egunak (Metak, 2003) eta Kontra (Metak, 2005) gogorra da oraindik ere taldearen musika, metal soinuei atxikia; baina lan berriak ñabardurak ditu aurrekoekin alderatuta. «Igartzen da urteak pasatu direla», aitortu du taldeko abeslariak, «eta horrek aldatu egin gaitu. Lehen sentiberatasuna eta gogortasuna uztartzen genituen, baina lehen separatuagoak zeuden». Abesti batzuk bortitzagoak ziren, besteak sentikorragoak. Orain, bi joera horiek modu orekatuagoan uztartu dituzte Ander Izetak (baxua), Nestor Urdanpilletak (gitarra), Iñigo Beitiak (bateria) eta Gonzalez-Txabarrik berak: «Homogeneoagoa da disko berria, biribilagoa, baina ez dugu galdu indarra».

Diskoa entsegu lokalean bertan grabatu dute, modu erosoan, betiko lagun eta kolaboratzaileekin, eta, ondoren, Higain estudioan, Usurbilen, eta Mamian, Azkaraten, egin dituzte nahasketak eta masterizazioa, Haritz Harregi eta Jonan Ordorikarekin hurrenez hurren.

Aldaketak zuzenean ere

Estudioko aldaketak aldaketa, ezberdintasunik handiena zuzenean sumatuko dute taldearen jarraitzaileek. Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarrik utzi egingo dio gitarra jotzeari eta abesteaz bakarrik arduratuko da: «Gitarra bakarrarekin ariko gara, baina horrek lagunduko digu ahotsa gehiago indartzen». Izan ere, diskoan ere beste modu batean kantatzeko ahalegina egin du abeslariak, eta horrek isla izango du kontzertuetan ere. «Gitarra bat kenduta, igarri egingo da, baina horrek beste ate batzuk ere ireki dizkigu». Sonoritate «handiago» batez hitz egin du abeslariak.

Orain bestelako kezka bat du abeslariak zuzenekoetarako: zer egin eskuekin. «Horrek ematen du beldurra, eta hasiberri bat bezala ariko naiz hasieran». Onartuta dauka kritikak jaso ahal izango dituztela.

Diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua hilaren 12an emango du taldeak Bilboko Kafe Antzokian. Maiatzaren 12an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Banako aretoan izango dira, Mikel Ugarte Izaera taldeko kideari egingo dioten omenaldi batean, eta, 26an, Tolosako Bonbereneako oholtzara igoko dira (Gipuzkoa). Ekainaren 2an, berriz, Irisarriko plazan ariko dira, Nafarroa Beherean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.