Ane Labaka Mayoz
2019-04-04
Doinua: Betroiarena
Lurra goldatzen bada
elkartasun sarez
mingain kontzientez eta
kultur ondarez.
Haziak mimoz erein
esku burujabez,
bizi nahia ongarri,
hizkuntza lanabes.
Sei arkuko babes
sendo, bost zutabez,
Arga ibaian trabes
harriz eta harez,
lur berrietaranzko
zubi da Gares.
Nahiz aurka izan hainbat
lege omniboro
eta politikari
euskarafobo.
Hamaika egunetan
poza da metodo
norbere arrazoiez
zenbat epilogo.
Min, irrika, gogo
elkartzeko foro
errepide, soro
pentsa, uneoro
korrika dabiltzala
hamaika zoro.
Goizean Cascantera
eta Tuterara,
hunkituta iritsi
daitezke hara,
pausoz pauso aldatuz
mapen ingerada
herri bat mugitzeko
behar beste gara.
Prest bagaude jada
hegadaz hegada
amestu erara
dena bete bada;
berriz itzul gaitezke
hasierara.