Udazkena museo artean: jantziz, artelanez eta garai bateko jokoz inguratu dira BERRIAlagunak

Udazkena museo artean: jantziz, artelanez eta garai bateko jokoz inguratu dira BERRIAlagunak. Beste urtaro batez, Euskal Herriko bederatzi erakustoki bisitatu ditugu BERRIAlagunekin, eta, denera, 215 lagunek gozatu ahal izan dute kulturaz udazkenean.

Udazkena museo artean: jantziz, artelanez eta garai bateko jokoz inguratu dira BERRIAlagunak

2024ko azaroaren 30a

Azken urteetan, ohiko ekintza bihurtu da udaberrian eta udazkenean hainbat museotan bisita gidatuak egitea BERRIAlagunekin; askotarikoak dira bisitatu diren erakustokiak. Horietako batzuekin urteak daramatzagu, baina badira urtez urte batu zaizkigun proiektuak ere. Aurten, esaterako, Jokoeneak eta Jantziaren Zentroak lehen aldiz bisita gidatuak eskaini dituzte BERRIAlagunentzat.

Puntako jostunak nola, hala hurbildu zizkien Ainhoa Mendiburuk Jantziaren Zentroan gaur egun ikusgai dauden jantzien inguruko ezagutzak BERRIAlagunei. Azken mendeetan jantziek izan duten eraldaketa begi bistakoa da, eta ezinbestekoa da bakoitza aztertzerakoan testuinguru sozioekonomiko eta historikoa kontuan hartzea. Mendiburuk ez zuen hari gabe josi, xehe-xehe aritu zen Errenteriako alde zaharreko lehen, bigarren eta hirugarren solairuko jantziez, pasioz bizi duen mundu hori BERRIAko irakurleei gerturatzeko asmoz.

Eta pasioz bizi ditu Patxi Angulok ere jokoak. Donostiako Ibaeta auzoan du espazioa, eta mundu osoko jokoen erakusketa bat jasotzen du. Oraingoan, joko zaharrak hurbildu nahi izan dizkie BERRIAlagunei. Donostiako Informatika Fakultateko irakaslea da EHUn Angulo, eta betidanik piztu izan diote interesa jokoek. Zenbait liburu kaleratu ditu dagoeneko horien bueltan; azkena: Zaldiaren jokoak, Xakeen historia bat. Begietan antzematen zaio pasioa: bistakoa da nola gozatzen duen joko berriak deskubrituz, horien euskarriak ezagutuz eta joko arauak ikasiz. Horrela gozatu ahal izan zuten BERRIAlagun txiki zein helduek jokoen mundu magikoaz.