Olioaren ekoizpena gertutik ezagutu dute BERRIAlagunek
Olioaren ekoizpena gertutik ezagutu dute BERRIAlagunek . 20 BERRIAlagunek gozatu dute bisita gidatu eta dastaketaz
Lantziego
2024ko irailaren 28a
Irailak 28 ditu, eta 11:00etan egin dugu topo BERRIAlagunekin, Lantziegon, Arabako Errioxan. Eguzki-galdatan agurtu dugu elkar lehen aldiz BERRIAko irakurle batzuek; 20 gaude denera, eta etorri da Mikel Izagirre, Erroiz olioen sortzailea. Guztiak gaudela ziurtatu orduko hasi da pasioz bizi duen mundu hori azaltzen, eta umoretsu ekin dio egunari: azken egunetako euriteek uzta hobetuko dutelako pozarren da. Duela bi urte egin genuen lehen aldiz Lantziegon esperientzia; Erroiz etxaldean izan zen lehena, 2022an, eta iaz, berriz, BERRIAlagunekin eta El Mozoko ardogileekin egin genuen esperientzia, BERRIAren 20. urteko ardoa sortzeko esperientzia. Aurten Erroizen egin dugu berriro ere topo BERRIAlagunek.
Olibondoen artean sortzen den xendan aurrera eginda hasi da azalpenekin Izagirre. Bere olibadia erakutsi digu, zuhaitzon ezaugarriak azaldu dizkigu, eta uztaz aritu da hizketan ondoren. Olibaz lepo daude olibondoak, eta azken asteotako eguraldia zinez eskertu dute etxaldean pototak loditzeko. Ondoren, herriko dolare zaharrera joan gara, eta Lantziegoko herriaren historia ezagutzeko parada izan da kokaleku berezi hori. Esperientzia, baina, ez da hor bukatu: Erroizen dolarera egin dugu salto ondoren, eta teknologia berriekin beste itxura bat du gaur egungo dolareak. Toki berezi horretan eta olio kaxen artean, olioa dastatzeko aukera eman digute Izagirrek eta haren familiak. Esperientzia aberatsa bezain berezia izan da gaurkoa, eta hala dihardute Erroizen: lurra lantzen duten mimo berarekin lantzen dute gure hizkuntza Arabako Errioxan.