Irulegiko aztarnak, BERRIAlagunen eskura
Irulegiko aztarnak, BERRIAlagunen eskura. Bigarrenez antolatu dugu Irulegira esperientzia BERRIAlagunentzat. Oraingoan ere esperientziarako toki guztiak hartuta egin dugu zita gure komunitatearekin, Arangurenen. Larunbata da, urriak 19 ditu, eta eguraldi aldrebeseko astearen ondoren, euriak menia emanda hasi dugu Irulegirako bidea.
Aranguren
2024ko urriaren 19a
BERRIAlagunak tantaka iritsi dira Arangurenera; 10:00etan genuen elkartzeko ordua, eta fin arraio ibili dira guztiak. Autotik irten ahala, gorputza luzatu, eta, hara, BERRIAren beste esperientzia batetik elkar ezagutzen duten BERRIAlagun batzuek elkar agurtu dute.
Ordularian hamarrak pasatxo direla iritsi da Juantxo Agirre-Mauleon, gaurko gida eta Aranzadi zientzia elkarteko zuzendari nagusia. Hain berea duen karismarekin hasi da kontatzen han eta hemengo historiak, eta bitxikeriak entzutearekin batera abiatu gara maldan gora. Ortzik ere entzun nahi zituen Juantxoren azalpenak, ezen gutxinaka-gutxinaka argitu da zerua.
Lehenbiziko gune garrantzitsura iritsi gara: Irulegiko gainera. Lehen geldialdia harresiaren aztarnen eta nekropolitzat daukaten eremuaren inguruan egin dugu; bertan eman ditu zenbait azalpen Agirre Mauleonek, eta, ondoren, herrixkarantz abiatu gara, gazteluaren magalera. Nabarmen aldatu da lehen bisitatik ingurua: Aranzadik bi udatan egindako lanaren bidez, lurrazpitik atera dituzte herrixkako hirugarren etxolaren aztarnak eta beste zenbait lanabes; horien berri emateko hartu zuen tartea gidak, eta, batez ere, Irulegiko Eskua nola topatu zuten eta aurkikuntza horren ingurumariak kontatzeko probestu du momentua. Azalpen zinez interesgarrian ondoren, ibilaldiko azken maldan egin dugu gora, gazteluaren aztarnetara, harana ikusteko toki paregabera.