Webgune berria eta zuzenean

«Irratigintzarako urratsa» egin du Radio Kulturak.Nazioarteko musikari ere eginen diote lekua

Mikel Etxeberriak, Allande Etxeberrik eta Gorka Artetxek aurkeztu zuten herenegun webgune berria. SYLVAIN SENCRISTO.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Radio Kultura Ipar Euskal Herriko irrati elebidunak hedatzeko urratsa egin du: webgune berria sortu dute, eta zuzenean emititzen hasiko dira —Internet bidezoraingoz—, musika eskaintzari garrantzia emanez bereziki. Orain arte, webgunean podcast modura zituzten erreportajeak ere zuzeneko emisioan txertatuko dituzte. Bestalde, Europako eta Euskal Herriko hainbat irrati librerekin elkarlana bultzatuko dute, eta hamar hizkuntzatako musika emankizunak emitituko dituzte, bertzeak bertze.

Mikel Etxeberria Radio Kultura irratiko koordinatzaileak azaldu du bederatzi hilabeteko «gogoeta luze-luze» baten ondotik datorrela aldaketa. Izan ere, irrati frekuentzia bat lortzeko bidean, proiektua garatu nahiko lukete. Gorka Artetxe kazetariaren ustez,«irratigintzaranzko pauso nabarmena» da proiektu berritua. Sare sozialak kudatzen ditu Artetxek, eta eskaintza berriarekin jende gehiagorengana iritsi nahi dutela erran du; «betiere, kalitateari eutsiz». Hain zuzen, Etxeberriak azaldu duenez, «kalitatearen helburuari eusten diogu; ez kantitatearenari. Erreportaje kopurua ez da finkoa: denbora hartuz, ongi lantzea da asmoa».

Aldaketak egin arren, hasierako helburu berarekin segitzen dutela baieztatu du Etxeberriak: «Euskal eta frantses munduen arteko zubi lana egin, eta frantses komunitatea euskal kulturara hurbiltzea». Hori dela eta, erreportajeak frantsesez eta euskaraz egingo dituzte aurrerantzean ere.

Musika lehen lerrora

Kalitateari eutsiz, programazio xumea eskainiko du Radio Kulturak: astero hamabost erreportaje inguru eginen dituzte, hots, egun bakoitzeko bi edo hiru. Hasieran, irratsaioetan ez da entzunen kazetarien ahotsik, baina «pixkanaka» formatu berriak erabiliko dituztela jakinarazi dute, erraterako, solasaldiak edota bertzelako erreportajeak. Hiru langileez gain, laguntzaileek ere parte hartuko dute irratsaioetan.

Hala ere, eguneko programazioaren zati handiena musikak hartuko du. «Udan, 3.000 eta 4.000 kantu artean sartu ditugu, eta, egunero, bi musika emankizun animatu eskainiko ditugu», azaldu du Etxeberriak. Horretarako, bertze irratiekiko elkarlanean hartu dute babes, hala nolaEuskal Herriko irrati libreen Arrosa sarearekin eta Europako bertze hamar bat irrati librerekin. Etxeberriaren erranetan, «bidaiatuz irratiak bisitatu ditugu, eta galdegin diegu haien ekoizpeneko zerbait hedatzen ahal ote genuen». Zortzi irratik eman diete baiezkoa, eta, hala, hamar hizkuntzatan entzuten ahalko dira irratsaioak: gaelikoz, hungarieraz, finlandieraz, okzitanieraz, alemanez eta suomieraz, bertzeak bertze. Dena den, hitz gutxiko emankizunak izanen direla zehaztu dute, gehienbat musikaz osatuak. Horri esker, leku bakoitzeko musika estiloak aditzen ahalko dira.

Radiokultura.eus webgunean aurki daiteke eduki guzia, domeinu aldaketa ere egin baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.