Maitena Salinas. 'Itsasontzi baten' saioko aurkezlea

«Saio berriak puntu basatia du, geuk bezala»

Euskal Herriko kostaldeko herriak belaontzi batean bisitatuko dituzte Salinasek eta Ibon Gaztañazpik gaurtik aurrera. Turismoarengatik herriok nortasuna galtzen ari direla erakutsi nahi dute, besteak beste.

ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Maitena Salinas Beiztegi (Beasain, Gipuzkoa, 1980) aktorea, dokumentalgilea, kirol entrenatzailea eta, batez ere, berak nabarmendu duenez, kazetaria da. ETB1eko Sorginen Laratza saioan hasi zen telebistan, eta Pilotari telesailean jarraitu zuen. Goenkale-n Mireia Miranda modelo eta bitxi diseinatzailearena egin zuen. Gaur, Itsasontzi baten saioa estreinatuko du, 22:00etan, ETB1en. Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlariarekin, portuz portu ibili da Euskal Herriko kostaldean, belaontzi batean.

France3 telebistan badute itsasoaren inguruko Thalassa saio klasikoa. Itsasontzi baten zer da, ETB1eko horren bertsioa?

Saio berezia da Itsasontzi baten. Nik, behintzat, ez dut inon ikusi antzekorik. Naturaltasun handiz eginiko saioa da. Ibon eta biok pertsona naturalak gara berez, eta egitasmo honek aukera ematen digu guretik azaltzeko eta jendearekin konektatzeko. Erraz kontsumitzeko saioa da, elkarbizitzan azaltzen diren gauzak agertzen direlako, eta jendea den bezalakoa agertzen delako. Euskal kostaldean herriz herri mugituko gara, jendea ezagutzen eta itsasoarekin duten lotura erakusten. Uretan denbora dezente pasatzen dugu, kirolarekin loturiko gauzak egiten: txibitara joan, arrantzatu, arroketan ibili...

Errealizazio aldetik ere berezia dela esaten duzue. Zergatik?

Oso zainduta dagoelako estiloa: aireko planoak ditugu, geuk ere Go Pro kamerak eramaten ditugu soinean... ez da horren ohikoa telebistan. Oso kutsu freskoa ematen dio horrek.

Zer zarete gehiago oraingoan: kazetariak, kirolariak? Edo, zure kasuan, aktorea?

Kazetariak gara biok. Baina kirolari puntua dugu. Horrek puntu bat ematen dio saioari. Baina aktore konturik ez, oraingoan. Ni neu naiz saioan. Biok gara gu geu. Baina argi dago sasoitsu dauden bi pertsona direla saioan agertzen direnak. Eta oso saltseroak. Erronkazaletasuna ere islatzen da: erraz asko egiten dugu salto, igo... Saio berriak puntu basatia du, geuk bezala. Ni kazetari, aktore eta entrenatzaile izatea guztiz koherentea da: dena da komunikazioa. Aktore gisa emozioak komunikatzeko ahalmena lantzen duzu, eta, entrenatzaile gisa, gorputzaren komunikazio neuromuskularra aztertzen duzu. Hori da nire pasioa.

Goierriko (Gipuzkoa) emakumeen inguruko Gea dokumentala egin zenuen 2012an. Kostako herrietako emakumeen nortasun sendoa aztertuko duzu, orain, Itsasontzi baten saio horrekin?

Asko sumatu dugu indar hori. Kostan ezagutzen dudan emakume bakoitzarekin maitemindu egiten naiz. Umore handia eta indar izugarria dute. Ikusten da gorriak pasatutakoak direla familia aurrera ateratzeko, baina, era berean, eurei esker dutela herriok oraindik halako nortasuna. Gizonezkoentzat ere latza izan da kanpoan bizi izana, eta ikusi dut zein zaila zaien urteak itsasoan eman ondoren lehorrera ohitzea. Elantxoben, Ean, Lekeition, Ondarroan [Bizkaia] ibili gara. Baita, Mutrikun, Zarautzen, Zumaian, Getarian ere [Gipuzkoa]. Bermeon, Mundakan [Bizkaia] eta Donostian ere izango gara.

Lapurdira joateko asmorik ez?

Asmoa bazegoen. Baina ez dakit azkenean zer erabaki duten ekoiztetxekoek. Ondo legoke, kosta nola dagoen ikusita, hausnarketa egin dudalako egunotan. Oso denbora laburrean aldaketa handia gertatu da: lehen arrantzaz bizi ziren herrietan turismoa nagusitzen ari da. Bihotzeko min pixka bat ematen dizu horrek, eta hango jendea ere kexu da horretaz. Itsasoari loturiko euskaldunaren nortasun hori galtzeko arriskua dago. Kontua izan beharko genuke turismo horrekin guztiarekin. Saioak lagun dezake horretaz hausnartzen.

Non ikusi duzu nortasun galerarik gordinena?

Elantxoben, adibidez. Lekeition ere nabaritzen da itsasotik ez datozela horrenbeste arrantzontzi, baizik eta belaontzi edo yateak.

Benetan gidatzen duzue ontzia?

Pilartxo izena du ontziak, eta bai, guk eramaten dugu. Eta duela gutxi sekulako sustoa hartu genuen, gobernua galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.