Komunikazioa. Sara Gandara. ETBko kazetaria

«Lan honetan, gaur olatuaren aparrean zaude, eta bihar, ez dakizu non»

ETB1eko eta ETB2ko ohiko aurpegia bihurtu da azkenaldian. Eguraldia eta 'Ya queda menos' saioak aurkezten ditu gaur egun.

ETB.
Iñaki Lasa Etura.
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Kirolak, estropadak, eguraldia, Ya queda menos saioa Oscar Terolekin batera, euskara, gaztelera... Bi-hiru urteren bueltan, erregistro ugaritan ibili da Sara Gandara (Lezama, Bizkaia, 1981).

Ostegunetik ostiralera aldatu duzue Ya queda menossaioa. Zer dela eta?

Lau saio egin ditugu, oraingoz. Lehendabiziko biek audientzia aldetik oso emaitza onak izan zituzten, baina gero Gran Hermano ostegunetara aldatu zuten, eta horrek kalte egin digu. Beste kateetan zer dagoen ikusita, nahiago izan dugu saioa egunez aldatu, ea hobeto funtzionatzen duen.

Vaya semanita-ren itzala luzea da...

Lantaldea bera da, aktoreak, Oscar Terol... Eta bai, itzala oso handia da. Jende askok oraindik uste du Vaya semanita garela, baina ez gara saio bera. Beste irudi bat dugu, nahiz eta, funtsean, umorea antzekoa izan.

Zer moduz egokitu zara umorezko saio batera?

Egia esan, sekulako aldaketa izan zen niretzat; albistegietara ohitua nengoen. Bat-batean, nahiko erregistro aldaketa bortitza izan zen. Ohitu, zorionez, ondo ohitu naiz. Gustura nago; jendea oso jatorra da, lantaldea izugarria da, eta eroso nago. Oso erraza izan da aldaketa. Planteatzen dizutenean umorezko saio bat egitea, pentsatzen duzu moldatuko ote zaren, ondo egingo ote duzun. Pixkanaka, bidea aurkitzen duzu.

Aurretik egin dituzun lanak lagungarriak izan al dira egokitze horretarako?

Lagungarri oso; ni duela bi urte ohitu naiz kameraren aurrean lan egitera. Esperientzia horrek guztiak beldurra galtzen lagundu dit: kirolek, estropadek...

Zure Twitter kontuan, «langile balioaniztun» gisa definitzen duzu zeure burua. Egia esateko, erregistro ugaritan ikusi zaitugu orain arte.

Badakigu nolakoa den lanbide hau, badakigu gaur olatuaren aparrean zaudela eta biharamunean ez dakizula non egongo zaren. Erregistro aldaketa horiek oso onuragarriak dira aurrera egiteko. Ni kazetaria naiz; ez naiz meteorologoa edo umorista. Baina, egoerak behartuta edo, moldatzen zara.

Non sentitzen zara erosoen?

Eguraldiarekin eta umore saioarekin hastean, ez nekien zer nuen gustuko. Neure burua eroso ikusi dut, gai naizela ikusi dut, eta, orain, ez dakit aukeratzen.

Estropadetan ariko al zara aurten ere?

Aurten, ez. Eguraldiarekin jarraituko dudala esan didate, zorionez, eta ez daukat denborarik arraunketa egiteko. Sekulako pena ematen dit, oso uda polita izan zelako iazkoa. Lantalde txukuna osatu genuen Ibon Gaztañazpirekin eta Mikel Olazabalekin beharrean.

Orain dela hiru urte jarri zinen kameraren aurrean lehen aldiz, Hamaika telebistan. Asko ikasiko zenuen.

Hori izan zen eskolarik onena. Asko ikasi nuen. Baliabide gutxiagoko hedabide bat sekulako eskola da. Zu zeuk grabatu behar duzu dena, zure kamerarekin, egin elkarrizketa, korrika eta presaka egoitzara joan, editatu... Bat-batean, Bat eta bat albistegia egiten hasi nintzen; neure burua makilatu behar nuen, sartu, aurkeztu... Sekulako esperientzia izan zen! Ez bakarrik Hamaika telebistan. Garai hartan, 2009an, lanaldi erdian nengoen, arratsaldez, goizetan ekoizpen etxe batean nenbilen, eta, gero, autonomo gisa itzulpen batzuk egiten nituen, eta ahotsa sartzen nion ETB3n emititzen zen saio bati. Gauza askoko urtea izan zen 2009a.

Hainbeste erregistro aldaketaren ondoren, ba al duzu lekuren batean behingoz kokatzeko gogoa?

Ea, alde batetik gustatuko litzaidake leku batean finko egotea. Baina beste gauza bat ere esango dizut: uste dut azkenean aspertu egiten duela denbora luzez gauza bera egiteak. Nik neuk pilo bat eskertzen ditut aldaketak; gauza berriak egiten dituzu, ilusio berriak dituzu... Nahiko nuke leku finko batean egon —eguraldian edo kiroletan, adibidez—, baina aldaketak eskertzen ditut, lantzean behin.

Euskaraz ala gazteleraz, zein hizkuntzan moldatzen zara hobekien?

Eguraldiarekin hasi arte, euskaraz aritu naiz beti. Bat-batean, gai berria, eta gazteleraz asko-asko kostatu zitzaidan; ez nengoen ohituta telebistan gazteleraz aritzera. Gogoratzen dut aldaketa bortitza izan zela. Behartuta, agian, baina ohitzen zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.