KKinzona irratia hedatze aroan

Zumarraga-Urretxutik ondoko herrietara zabaldu du seinalea. 10. urteurrena ospatuko du bihar. Bideoa albistearen amaieran.

KKinzona irratiaren FMko seinalea Legazpira iritsi dela ospatu dute, astronauta batekin. KKINZONA.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
KKinzona euskarazko irrati libreak zenbait arazo izan zituen bere aurreneko urteetan seinalea zabaltzeko. Baina iaz antena tokiz aldatu zuten, eta, horri esker Zumarragako eta Urretxuko (Gipuzkoa) txoko guztietan ondo entzuten da eta seinalea inguruko herrietara zabaldu dute. FMko 98an entzuten da. Haritz Berasategi irratiko kideak azaldu duenez, antenaren aldaketa batez ere Zumarragan eta Urretxun ondo entzun zedin egin zuten: «Lehen ez zen toki guztietara iristen. Antena mendira eramateak hedapena zabaltzea ekarri du. Orain beste herri batzuetan ere entzuten da KKinzona: Legazpi, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itsaso. Lau herri horietako toki guztietan ez, inguru menditsuak daudelako, baina gehienetan entzuten da».

Irratiaren seinalea Legazpira iritsi dela ospatzeko, bideo bat —Youtuben ikusgai— eta argazki batzuk egin dituzte, umorezko ukituarekin. «Legazpira iristea sinbolo bat izan zen, eta umorez hartu dugu kontua astronauta bat erabiliz», dio Berasategik.

KKinzonaren seinalea duela gutxira arte Internet bidez ere entzuten zen. «Orain arazo batzuekin gabiltza, baina epe laburrean berriro entzungo da Interneten». Edonola ere, irratiko saioen podcast-ak entzun daitezke kunkkinzona.eus webgunean. Hamar irratsaio egiten dituzte Urretxuko egoitzan, eta Arrosa sareko irratsaioekin osatzen dute programazioa.

Urteurreneko festa, bihar

Bihar egun handia izango dute KKinzona irratiko kideek, hamar urte beteko baitira FM bidezko emanaldiak hasi zituztela. Irratsaioak egiteko tailer batekin hasiko dute eguna, 11:00etan. Ondoren, kuña lehiaketa bat egingo dute. 12:00etan, Peru musikariak kontzertua eskainiko du. 14:30ean bazkaria egingo dute, gaztetxean. Berasategik nabarmendu du irratiko bazkideek urtean hogei euro jartzen dituztela, eta horren truke KKinzona eguneko bazkarira gonbidatzen dietela. Bazkalostean, karaokea izango da. Gauean, berriz, Inoren Ero Ni, Borrokan eta Txost! taldeek kontzertua emango dute. Irratia eta gaztetxea parez pare daude, eta ekitaldi batzuk irratian eta besteak gaztetxean egingo dituzte. «Oso egun berezia izaten da, eta primeran pasatzeko aukera izango da».

Etorkizunari begira, erronka nagusia irratia indartzea izango dela esan du Berasategik: «Lokal zahar batean hasi ginen hutsetik, eta etengabeko obra batean ibili gara. Obra hori guztiz amaitu nahiko genuke, eta, bestalde, jende gaztea erakarri nahiko genuke. Beste irratiekin harremanean sakontzea ere ederra da».

Bideoa: KKinzona

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=rI0CTypOJgs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.