Komunikazioa

Euskarari muzin telebistan

France Television telebista publikoak euskararen aurka duen «bazterkeriazko jarrera» salatu du Euskal Konfederazioak. 2008. urtetik hona gutxitu egin dute euskarazko edukien presentzia.

Euskal Konfederazioko kideak, Baionan egindako agerraldi batean. GAIZKA IROZ.
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Euskarak Frantziako telebista publikoan leku urriegia duela salatu du Euskal Konfederazioak. France Television kateak euskararen aurka duen jarrera «diskriminatzailea» dela adierazi du Sebastien Castet euskararen aldeko elkarteko kideak.

Euskal Konfederazioak euskararen garapenaren alde jarduten duten elkarteak biltzen ditu. Euskal kultura eta hizkuntzaren garapena du helburu, eta arlo guztiak —hedabideak barne— kontuan hartuko dituen hizkuntza lege baten alde borrokatzen da. Ahalegin horretan, euskararen garapen eta hedapen handiagoa ziurta dezaketen bide eta baliabide guztiak erabiltzen ditu.

Frantziako telebista publikoan euskararen bazterkeria bukatzeko errekurtsoa aurkeztu du konfederazioak Parisko Administrazio Auzitegian. «Bi gauza salatzen ditugu: hizkuntzak ez direla berdintasunez tratatzen, eta euskara gehiago nahi eta behar dugula hedabide publiko honetan», azaldu du Castetek.

France Television kate publikoaren barne arauen arabera, programazioan lurralde eta hizkuntza gutxituen presentzia bermatu behar du komunikabideak. Dena den, 2008. urtetik hona euskarazko edukien presentzia gutxitu egin da zerbitzu publikoan. 2007. urtean euskarari urtean bost ordu eskaintzen zizkion France2k; urtebete geroago, bi orduko tartea besterik ez zuen euskarak.

France3 kateko Euskal Herri saioa kendu zuten iaz, diru arazoak argudiatuta. Horrela, tokiko informazioa desagertzeaz gain, hizkuntza gutxituen hiztunen arteko berdintasuna ere hautsi zuten. Izan ere, beste hizkuntza gutxituek presentzia handiagoa dute hedabidean. Alsazierak, korsikerak, bretoierak eta okzitanierak 60 eta 90 ordu arteko tartea dute katean. «Zifra horiek argi erakusten dute beste hizkuntzekiko euskarak jasaten duen berdintasunik eza», dio Castetek. Horregatik guztiagatik, epaitegietako bideari ekin dio konfederazioak. Michel Oronos Euskal Konfederazioko lehendakariak ere gogor gaitzetsi zuen saioa kendu izana: «Eguneroko emankizun horri segundo bakar bat kentzea atzerapen kezkagarria da. Telebista kate publikoek zerbitzu publiko gisa euskara garatzeko erantzukizuna dute».

Telebistaren erantzuna

Oronosen arabera, euskararen bazterketa egoeraren ondorioz, Euskal Herriko ikusleek ezin dute gozatu telebista publikoak eskaini beharko lizkiekeen euskarazko emankizunetaz. Egoera hori aldatzeko, Oronosek gutun bat igorri zion otsail hasieran Remy Pflimlin France Televisioneko presidenteari. Hizkuntza gutxituei egiten dien tratamenduagatik kezka adierazi zion gutunean, eta auziari behingoz irtenbide bat bilatzeko eskatu zion.

Lau hilabetera jaso zuten komunikabide publikoaren erantzun eskutitza, legeak zehazten duen bi hilabeteko epeaz kanpo. Ordurako, konfederazioak errekurtsoa jarria zuen —iragan maiatzean jarri zuen—.

France Televisionek «emititze eremuak aniztunak» direla erantzun zion Euskal Konfederazioari. Telebistak eskaini «beharreko hizkuntzak ugariak» direla argudiatu zuen, eta, ondorioz, euskarari ezin diola leku gehiago eman. Idatziaren amaieran, adibide gisa, France3 Aquitaine lurralde kateak okzitanierazko saioak ere eskaini behar dituela esan zuen.

Parisko Administrazio Auzitegiak urte amaieran landuko du auzia, baina sententzia ez dute 2014ra arte ezagutaraziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.