Komunikazioa

Euskadi irratiak martxan du ahots berriek jantzitako uda programazioa

Aktualitateak, ahots berriek eta kirol emankizunek osatuko dute irratiaren udako eskaintza berria

Itziar Arangurenek zuzenduko du festen inguruko Udan Blai! irratsaioa. ETB.
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Euskadi Irratiak martxan jarri berri du udako programazio berria. Uztailarekin batera, euskarazko irrati eskaintza berritu dute, eta ahots berriak arituko dira mikrofonotik.

Aurten ere Itziar Arangurenek aurkezturiko Udan Blai! saioaz gozatzeko aukera izango da Euskadi Irratian. Arangurenek hartuko du lekukoa 12:00etatik 13:00etara saio «freskagarriarekin», eta Euskal Herrikofestak eta kultur ekitaldi nagusiak izango dira saioaren mintzagai.

Maria Fernandez moda aditua udako jantzien inguruan solastuko da astelehenero, eta udako jantzien inguruko aholkuak eskainiko dizkie entzuleei. Horrekin batera, Julen Telleria kazetariak udako soinuak eta kantuak ekarriko ditu uhinetara. Euskal Herriko hainbat kontzertutan entzuten den musika aztertu eta irratsaioaren bidez jakinaraziko dio entzuleari.

Astearteetan «lagun arteko ingelesa» ikasteko aukera izango dute entzuleek: «ikasgelatan ikasten ez den ingelesa izango da; besteak beste, ligatzeko, kanpina alokatzeko eta tabernan hitz egitekoa».

Teknologia berrien ingurukotartea osatu dute asteazkenetarako, Xabi Unanueren eskutik, baina aurten berrikuntza bat ere prestatu dute; Kirolez blai saioa, hain zuzen ere. Bertan, kirol protagonisten eskutik udako kirolen inguruan mintzatuko dira.

Ostegunetan, bidaiez arituko dira. Ostiraletan, eta hirugarren urtez, Iker Lauroba kantariaren eskutik, zenbait taldek kontzertu akustikoa eskainiko dute, 12:30etik aurrera, estudioan.

Udako saioen eskaintza

Goizetan, Faktoria magazinak gaurkotasunez eta entretenimenduz jantziko du irratia. Astelehenetik ostiralera, gaur-gaurko gaiak jorratuko ditu Oihane Yustos kazetariak magazinean. Yustosek Euskadi Irratian egin du bere ibilbide profesional osoa hasieratik, eta orain arte kronika politikoan erabili duen ikuspegi zorrotza eta elkarrizketak konbinatuko ditu irratsaioan,

Albistegi nagusiaren ostean, irratian udako euskarazko saioen artean klasiko bihurtu den Bihotzeko fonoteka saioa gidatuko dute Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanok. Arratsaldeko hiruretan hasiko da emankizuna, eta Euskal Herriko gizarte arlo ezberdinetako pertsonak beren bihotzeko abestia aukeratuko dute. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Xabier Usabiaga kazetaria, Miren Agur Meabe idazlea , Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea eta Maider Unda kirolaria izango dira, besteak beste, tarte honetarako gonbidatuak.

Jon Plazaolak zuzenduko du arratsaldeetako Sargori irratsaio berria. Kantu eta abeslarien historia udako kontakizun bitxiekin uztarturiko tartea izango da.

Kirolek ere toki berezia izango dute uda honetan Euskadi irratian. Hain zuzen, 16:00etatik 18:00tara, txirrindularitza proba nagusien kontakizuna egingo du Joxe Mari Apaolazak zuzendutako taldeak; Frantziako Tourra eta Espainiako itzuliaren azken kilometroak zuzenean eman eta analisia eskainiko dute. Horrekin batera, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 21:30ean bizikletaren gainean ibilbide profesional handia egin duten kirolari profesionalak elkarrizketatuko dituzte Oroimena Pedalkadaz saioan.

Txirrindularitzak ez ezik, estropadek ere izango dute oihartzuna irratian. TKE ligako estropaden berri emango dute Manu Maritxalar eta Juan Angel Garmendiak, eta udako pilota torneoen kontaketa ere egingo dute. Gaurkotasunaren inguruko jarraipena ere egingo dute gertutik. Gaur-gaurko gaiek urteko espazio bera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.