Komunikazioa. Antonio Alvarez Solis. Kazetaria

«Egunkariek gertuago egon behar dute argitaratzen diren herrietatik»

'Crisis del periodismo. La información y la calle' liburuxka aurkeztu du Solisek aste honetan Donostian, Erein argitaletxearekin, 'Haran5' bildumaren barne.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Kataluniako La Vanguardia egunkarian hasi, eta Interviú aldizkaria sortu eta zuzendu zuen Antonio Alvarez Solisek (Mieres, Espainia, 1929). Iritzi emaile gisa, besteak beste, TVEn, COPEn,SERen, ETBn, Radio Euskadin zein Gara-n aritu da.

Iraganean kazetaria kaletik zetorrela diozu liburuan. Zer ondorio ekartzen ditu kazetariak kalearekin harremana galtzeak?

Liburua idazterakoan kazetaritzari buruzko hausnarketa bat egin nahi nuen. Berpiztu nahi dudana da kazetariak garai batean kaleko jendearekin zuen harremana. Gaur egun, nik nahiko nuke berriro kazetaria izan dadila boterearen eta kalearen arteko transmisio haria. Eta, batez ere, kalean murgildu dadila. Garai batean, gure ofizioa kaletik zetorren. Askatasuna eta demokrazia hondoratuta dauden garai honetan, benetako kazetaritza berreskuratu behar da. Izan ere, prentsa botereen menpe bizi da. Horrek kazetariengan ere eragina du; izaki pasibo bihurtzen dira.

«Albiste oro editorial bat da», esaten duzu beste pasarte batean.

Hizkeran ere nabaritzen dugu hori. Hizkera perbertitzen ari da. Esate baterako, M-15 mugimenduko jendearengatik zenbait komunikabidek denetarik esaten dute. «Anti-sistema» ere deitzen diete, zerbait txarra balitz bezala. Berez kazetaritzaren objektibotasunak dakar gauzak gertatu diren bezala kontatzea, albistea sorrarazten duen iturriaren espirituari jarraituz. Eta azalpen zuhurra eman behar du kazetariak. Irakurleari pentsatzeko aukera eman behar zaio, eta ez eraso helburu zehatz batzuk lortzeko.

Zer eragin du ekonomia botere handiak informazioaren esparruan sartzeak? Zer diozu botere horietaz?

Kazetaritzaren finantzaketan eta kapitalean inbertitzen duten enpresariek euren lana kazetaritzan zentratu beharko lukete. Garai batean, egunkarietako jabe ziren enpresarientzat komunikabideak euren kuttunak ziren, haien pasioa. Gaur egun, aldiz, komunikazio enpresak kazetaritzarekin zerikusia ez duten gauzen menpe jartzen dituzte. Batik bat komunikabide handietan gertatzen da hori.

Liburuan aipatzen duzu tokiko kazetaritzaren txikitzeak eta kasu batzuetan desagertzeak oso ondorio txarrak ekartzen dituela.

Globalizazioaz hitz egiteari utzi behar diogu. Egin behar duguna da hurbiltasuneko kazetaritza batera itzuli. Gara-ko artikuluetan etengabe esaten dut hurbiltasuneko ekonomia bat ere behar dugula. Ratio geografikoa txikitu eta gauzak gertuagokoak egin behar ditugu. Egunkariek askoz gertuago egon behar dute argitaratzen diren herrietatik, eta estatuko edo nazioarteko hedabideen mendekotasunetik aldendu behar dute.

Kazetaritzan ezkortasuna dagoen arren, badaude makinaria neoliberaletik aparte lan egiten duten kazetariak.

Bai, noski. Kazetari horiek lagundu egin beharko lirateke. Fundazio modukoak egon beharko lukete mota horretako kazetariak eta komunikabide txikiak laguntzeko. Bestalde, kazetaritza arautu beharko litzateke, zerbitzu sozial garrantzitsu moduan hartuz.

Liburuan ez duzu Internet aipatzen. Baina, zure ustez, zer aldaketa ekarri dizkio Internetek kazetaritzari?

Niri pena handia ematen dit paperezko prentsa hiltzen joateak, Interneten eskuetan. Internetek gertaera zehatz batzuetara eramaten zaitu, eta Interneten oinarrian eragin handia dute nazioarteko hiruzpalau agentziak. Saia gaitezen Interneten ere hurbilekoprentsa berreskuratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.