Celeste-k, Diego San Jose irundarraren telesail berriak —Elena Traperekin batera sortutakoa—, iruzur fiskalaren gai arantzatsuari helduko dio. Fikziozko istorioa den arren, eta asmaturiko pertsonaiak, oso agerikoa da benetako kasu bat izan duela inspirazio-iturri: Espainiako ogasunak, ustezko delitu fiskalagatik, Shakira abeslaria salatu zueneko pasartea.
Protagonista ez da Celeste, bere nemesia baizik. Thriller konstunbrista horren protagonista Sara Santano (Carmen Machi) da, eta bere aurretiko erretiroarekin hasten da kontakizuna; ogasuneko inspektorea da, alarguna eta nahiko pertsona grisa eta bakartia. Bere azken lanegunean, nagusiak ezusteko bat dauka gordeta: Sara ate handitik joatea nahi du eta horretarako, Celeste abeslari mexikarra Espainian gutxienez 184 egun bizitzen egon dela frogatzeko eskatuko dio. Horretarako, tiketak, kontuko mugimenduak eta sare sozialak aztertuko ditu. Lortuko balu, zergak ordaintzera behartuko luke Celeste, eta estatuko diru-kutxei 20 milioi euro baino gehiago itzultzera.
Umore garratza eta thrillerraren tonu iluna bikainki uztartzen dira telesail honetan, baita tentsioa satira sozialarekin ere. «Zodiac bezalakoa da, baina PFEZa tarteko», aipatu zuen Diego San Jose berak Donostiako Zinemaldiko aurkezpenean; telesaila esaldi bakar batekin laburbildu beharko banu, ez zait lerroburu hoberik okurritzen.
Gidoi zorrotza eta oso originala oinarri duen zerga-thriller bat da, oso ongi egituratua dago eta ezin hobeto zukutzen du proposatzen duen guztia.
Gidoiarekin batera, pertsonaia nagusiaren konposaketa nabarmentzekoa da. Izan ere, Carmen Machi ez da akziozko heroi bat —nahiz eta batzuetan hala dirudien—, etorkizun nahiko gris eta aspergarri baten atarian dagoen 70 urte inguruko emakume arrunt bat baizik. Azken enkargu hori izango da bere bizitzako erronka liluragarri bezain kilikagarri berria. Sarak profesionaltasunetik harago doan zenbait erabaki eta ekintza ere egingo ditu.
Suspensea eta umorea oso ongi orekatzen dituen tonu nahiko berezi batean bilduta, pertsona ospetsuen jazarpen fiskalari eta botereari buruzko gogoeta egitera bultzatzen duen telesaila da.
Oso erraz ikusten da; atalak bata bestearen jarraian irentsiko dituzu. Aparta da.