Lide Hernando.
Ekografiak

Pozik egongo al da?

2024ko uztailaren 25a
05:10
Entzun

Bere ibilbide oparoan dozenaka liburu argitaratu ditu Stephen King idazleak, eta arrakastaren opari pozoitu horietako bat jaso behar izan du behin eta berriro: liburu horiek pantailara moldatzea. Jakina da, askorentzat bizitzako gailurra izan daitekeen hori, Kingentzat ez dela inoiz gustuko zerbait izan. Bere liburuen moldaketa gehienak kritikatu izan ditu, baita Kubriken The Shining bikaina ere.

Egia da denetik dagoela Stephen Kingen bibliografiaren moldaketen unibertsoan; nola halakoak, itzelak, baita ikusi bitartean lotsa pasatzekoak ere. Moldaketa berrienetako bat 2020an iritsi zen pantaila txikira, HBO zenera zehazki —Max gaur egun—: The Outsider. Liburua irakurri ez dudan arren, eta pieza bezala 2024an ikusi ditudanen artean gailentzen ez den arren, telesail interesgarria iruditu zait.

Istorioa atxiloketa batekin hasten da: Ralph Anderson poliziak Terry Maitland beisbol entrenatzailea atxilotzen du, 11 urteko haur bat era bortitzean hiltzeagatik susmagarri delakoan. Behar diren froga guztiak ditu horretarako: segurtasun kameren bideoak, testigantzak eta hatz eta odol aztarnak. Maitlandek, ordea, tinko eusten dio bere errugabetasunari; eta, handik gutxira, atxiloketa kolokan jarriko duen zerbait gertatuko da: hilketa gertatu zen egun berean grabatutako Maitland beraren beste bideo batzuk erakutsiko dituzte, gertakaritik ehunka kilometrotara, konferentzia batean. Nola da posible?

Planteamenduak jada kitzika pizten du, egia esan; zaila litzateke telesail makal bat egitea argumentu horrekin. Egia da, ordea, hori Kingen meritua dela, telesailaren egileena baino. Hala ere, moldatzaileek lortu dute istorioak behar duen atmosfera arraro eta tetrikoa irudikatzea: telesailaren alderdi paranormala oso abiadura motelean doa sartzen, fantasiaren aurkakoak konbentzitzeko moduko disimuluarekin. Terrorea ere, halakorik baldin bada, oso modu sotilean doa eszenak hartzen, betiere gehiegi pasatu gabe. Alde ahul bat aipatzearren, esango nuke bukaera aldera gehiegi moteltzen dela garapena. Baina asko gustatu zait Cynthia Erivo aktoreak egiten duen ikerlari bitxiaren papera.

Ni pozik gelditu naiz ikustaldiarekin, baina ez dut ezer irakurri honen aurrean Kingek esan duenaren inguruan. Pozik egongo al da maisua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.