Erakunde publikoekin hartu-emana askotan traba bat bezala ikusten dugu, leihoaren alde banatan gaudenok bi mundu paralelotan bizi garela sentitzeraino. Baina gero eta errazago da elkarrekintza hori, eta hobekuntzaren arrazoietako bat digitalizazioa izan da. Funtzionarioak funtzio informatikoez, algoritmoez, lagundu edo ordezten baditugu, gardentasun eta lege aldetik irizpide berak bete beharko dituzte, baina ez dago hain garbi zeinek eta nola erabakitzen duen.
Irudika dezagun laguntza bat edo esleipen bat egiteko programa informatiko baten laguntza dugula. Nola egon gaitezke ziur herritarrok programa horrek ondo egiten duela bere lana?Probak. noski. egingo dira, programaren hastapen erabileran. Baina programa guztiek, berriro diot, guztiek, akatsak dituzte. Zeinek dauka azken hitza edo erabakia? Programak okerren bat egin duenean nola konpondu? Nola egiaztatu hori? Arazo masiboen aurrean zer egin?
Gertuko adibide bat dugu. Lakuak hala eskatuta ,Hezkuntzako Delegaritzatik Ordezkagunea izeneko programa bat jarri zuten martxan. Programak akats ugari egin dituela ematen du. Lanaldiei zegozkien postu askotako esleipenak gaizki egin dituela salatu dute askok.
Aurreko urteetan beste bide batzuetatik egin zen hori. Seguruenik, orain, ezarpena egiteko denbora faltak eta programari benetako proba nahiko egin ez izanak izan daitezke akatsaren arrazoi nagusiak, baina arazoa justifikagarria izan badaiteke ere, (doakie programa hau garatu behar izan dutenei nire sostengu guztia, seguruenik jasoko zuten presioaren aurrean), arazoa jasan dutenek eta herritarrek ez dute jakiterik.
Horregatik Civio bezalako erakundeek proposatzen dutena zera da: softwareak legearen baldintza berak izan behar dituela,herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzera sartzen denean; hau da, lege bat balitz bezala funtzio arauemaileak dituenean. Kodean sartzea publikoa izatea, jabetza publikokoa izatea eta kodearen idazketa jende-talde espezializatu baten ardurapean egotea. Ez ditugu zertan prozesu tekniko guztiak ulertu behar, baina horiek behintzat gardenak direla ziurtatu beharra dugu. Administrazio digitalari ez diezaiogun leiho berririk gehitu, atera ditzagun leihotik at.
IRLEN SAREA
Leihotik at
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu