Rodrigo Sorogoyen zinemagile laudatua da, saritua. Gaizka Izagirrek arrazoi du Los años nuevos telesailari esaten dizkion loreekin: «Tarteka samurra, bestetan mingarria; une oro liluragarria». Bai, bai, oso ondo dagoela Movistar Plusen estreinatu duen hamar ataleko fikzioa. Baietz.
Eta horrek are pertinenteago egiten du Sorogoyenen As bestas filmaren inguruan Joseba Gabilondo idazle eta irakasleak egiten dituen hausnarketei behatzea. España postimperial. Ideologías del imperio restaurativo liburuan (La Vorágine, 2024), Gabilondok azkeneko hamarkadetako kultur produktu mainstream batzuk aztertzen ditu, begirada zorrotzez, eta horietako bat da As bestas pelikula.
Hasteko eta behin, kokatzen hasteko, Espainiaren ajeak definitzen ditu Gabilondok: «Nazionalismo espainiarra, porrot egin duen proiektu gisa, ez da sortu klase menderatzaile baten, burgesiaren... gizarte talde desberdinen batasun ideologiko eta politikotik. Espainiaren gainbehera inperialaren eta galera kolonialaren (1810-1824, 1898, 1968, 1976) artikulazio konpentsatzaile eta leheneratzaile gisa azaleratzen da, eliteko klase hegemoniko batek sortua; eta, Jose Luis Villacañasek azaltzen duen bezala, Erregimen Zaharretik eboluzionatzen du eta Espainiako herritarrak bere etsai existentzial gisa tratatzen ditu, alderantzizko nazionalismoa edo nazionalismo histerikoa dei geniezaiokeen antagonismo batean... Inperioa galdu izana eta, ondoren, nazionalismo periferikoen agerpenak espainiar proiektu errestauratibo oro determinatu eta porrotera eraman izana, oraindik ere, gaur egungo politika azaltzeko kontuan hartu beharreko errealitate nagusietako bat da». Harrapazank! Gauza asko esplikatu litezke nazionalismo histerikoaren paramatroetan aztertuko balira.
Eta Gabilondok Ocho apellidos vascos-en bertsio galego gisa definitzen du As bestas. Deigarria da hori: kalitate handiko filma baita bigarrena, eta produktu oso eskasa lehena. Idazlearen arabera, As bestas begiraden matrioxka bat bezalakoa da: galegoa, pertsonaia frantsesena, espainiarra eta norvegiarra —turbina eolikoek errepresentatua—. «As bestas-ek Espainiako psikosi nazionalista handia irudikatzen du, globalizazioak areagotua. Begirada espainiarrak filmaren irudikapenak kontrolatzen ditu. Bestalde, subjektu frantsesa eta galiziarra beste exotikoak dira, biziraupenaren aldeko borrokan, Espainiako begirada eta audientzia zibilizatu gisa legitimatzen dutenak».
Ahots gehiago filmaz
Liburuan bertan irakur daitezke Suso del Toro idazle galiziarraren hitz hauek: «As bestas lan artistiko eraginkorra da; espainiarrei galiziarren inguruan aldez aurretik dituzten ideiak berresten dizkie: identitate-konplexua dugun galiziarren ideia eskaintzen die. Zoritxarrez, ez da beste film epikorik egingo herrialdearekin konprometitutako erresistentzia eta ametsak erakutsiko dituenik».
Yurre Ugarte idazle eta gidoilariak ere filmaren gaineko hitz kritikoak egin zituen iaz, Laia aldizkarian: «Ez al dugu ikasi kolonialismoak hartzen dituen mozorroez, hippyen erromantizismo hutsalaz, turismoaz, globalizazioak edonon duen eraginaz edota sasi-ekologismoaz? Ez al zen filma aukera galdu bat? Herrixka hartakoak hiri-zentrista eta kapitalista ez den ikuspuntu batetik transmititzeko aukera galdu bat?».
Sari batzuk esanguratsuak dira: Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan bederatzi garaikur irabazi zituen As bestas-ek. Urte berean, Carla Simonen Alcarràs film katalanari Goya bakar bat ere ez zioten eman, nahiz eta Berlinalen Urrezko Hartza bereganatu.
Aipatu bezala, Ocho apellidos vascos-ekin (2014) alderatzen du Gabilondok Sorogoyenen zinta. Eta duela hamar urteko komedia hartara itzultzean, Gabilondok españolada-ren inguruko beste hausnarketa mamitsu hau egiten du: «Espainolada ez da soilik genero kultural eta, bereziki, zinematografiko bat, baizik eta Espainiaren jatorrizko indarkeriaren kronika da. Izan ere, Espainiako errestaurazio proiektu postinperial ororen sortze hutsunea frogatzen da beti. Espainolada-k beti egiten du Bestea-ren irudikapen bortitza, jabetzea eta ukatzea...; hala ere, maniobra histeriko horrek beti erakusten du errestaurazioaren ondorengo aparatuaren erdian dagoen hutsune eratzailea». Edalontzi bete batzuekin eztabaidatzeko hitzak, ziur aski.
Ocho apellidos vascos-en ostean, Ocho apellidos catalanes eta Ocho apellidos marroquís iritsi ziren. 2025ean, Borja Kobeagak zuzendutako Los aitas filma iritsiko da. Bilbon girotua. Euskal Telebistak finantzatua hori ere. Asimilazioak ez du etenik. «Baina piztiak, nortzuk?», galdetzen du Ugartek.