gaizka izagirre
Ekografiak

Irakite puntua

2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

2021ean Boiling Point filma estreinatu zen. 92 minutu irauten dituen sekuentzia plano bakar batean grabaturiko film itogarria da. Denbora errealean Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan murgilduko gara, eta kamerak Andy Jones (Stephen Graham) sukaldari buruari jarraituko dio bereziki; guztia pikutara bidali dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian dago. Tentsioa eta urduritasuna areagotzen joango dira, eta apurka-apurka irakite puntura iritsiko da guztia.

Bada, film horren amaieratik abiatuz, BBC kateak Boiling Point miniseriea estreinatu du, eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte. Filma nola amaitzen den ez dizuet esango, baina telesaila sei hilabete beranduago girotzen dela aurreratuko dizuet, eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiago eman diotela. Bai edukian eta baita forman ere kontinuista da, baina sekuentzia plano bakar batean filmatzearen erabaki arriskutsu hori bazterrean utzi dute oraingoan. Barne gatazkaz josita dauden pertsonaien bitartez sukalde frenetiko batean murgiltzea liluragarria iruditzen zait, badu zerbait magnetikoa. Hori bai, filmean ez bezala, hemen, patxadarako abaguneak badaude, pertsonaien arku dramatikoak oso ondo garatzen laguntzen dituzten parentesi txikiak. Sukalde horretatik kanpo paseatzera aterako gaitu kamerak, eta bizitza pertsonaletan sakonki murgilduko gara. Ibilaldi horiei esker buruko gaixotasuna, antsietatea eta alkoholismoa bezalako gaiak agerian geratuko dira. Arnasgune gehiago dauden arren estresagarria izaten jarraitzen du, ez pentsa lasaitasunerako tarte handirik dagoenik.

Saihetsezina da, bestalde, laster hirugarren denboraldiarekin itzuliko den The Bear telesailarekin gogoratzea. Sukaldaritzaren munduan girotua egoteaz gain, badituztelako zenbait antzekotasun: antzezpen lan apartak, barne gatazkez jositako pertsonaiak, kaosa eta erritmo frenetikoa oinarri duen narrazioa eta abar. Biak apartak dira, baina nahiko desberdinak aldi berean; estatubatuarrek eta britainiarrek modu desberdinean ulertzen dute telebistaren eta fikzioaren kontzeptua eta hortik hasten dira desberdintasunak. Boiling Point urteko telesailetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.