Aurreko asteko astelehena azaroaren 25a izan zen, eta efemeridearen kariaz, Instagramek telesail labur bat gomendatu zidan: Sambre. Izen bereko ibaiaren ibarreko bortxatzailearen kasua kontatzen du, Frantzian egon den serieko bortxatzailerik garrantzitsuenaren kasua, alegia. 1980ko hamarkadatik 2018. urtera bitarte egon zen aktiboan, pentsa, polizia lokalaren konpetentzia faltaren —eta sekulako misoginiaren— aurrean jarduten, inpunitate osoz.
Sortzailea, Jean-Xavier de Lestrade, true-crime-an espezializatutako zuzendaria da, eta haren izenburuen artean 2004. urteko The Staircase dokumentala azpimarra daiteke, Kathleen Petersonen heriotzaren misterioa argitu nahi izan zuen lana.
Telesailak, bere sei ataletan, hamarkada hauetan guztietan egon diren mugarri batzuk hartu eta mugarri horien protagonisten azalean jartzen gaitu: Christine Labot izeneko biktima (1988an), kasua eraman zuen emakume epaileetako bat (1996an), emakume alkate bat (2002an), emakume ikerlari bat (2007an), gizonezko komandante bat (2012an) eta, azkenik, bortxatzailea bera (2018an). Badakit euskarak generoa zehaztearen kontua apur bat gogaikarri egiten duela, baina kasu honetan garrantzia du zehazteak. Izan ere, guzti-guztiek bere aletxoa jarriko dute, oztopoak oztopo, azken-aurreko atalean agertzen den gizonezko komandanteak azkenik bortxatzailea atxilotzea lortzen duen arte. Hala ere, atalak ikusi ahala, ezin duzu frustrazioaren espiralean sartu besterik egin, hain baita sinesgaitza aurreko emakume guztiek egin behar izan dituzten saiakeren aurrean jasotzen duten mespretxua.
Horrelako kasuetan gertatu ohi denaren errealitate gordina parez pare ikusteko balio du Sambre telesailak, eta benetan interesgarria da. Inork oraindik ez badu ulertzen zergatik emakume askok ez duten bortxaketarik salatzen, edo zergatik maila horretako predatzaile sexualek horrenbesteko inpunitatearekin joka dezaketen hainbat hamarkadaz… gonbidatzen zaituztet hau ikusi eta erantzunak topatzen saiatzera.
Bide batez, aipatu beharra daude azken egunotan Denuncias Euskal Herria eta Bukatu da Showa izeneko kontuetan euskal teknikari, aurkezle eta abarren aurka zabaltzen ari diren testigantzak. Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen ari dira.