gaizka izagirre
Ekografiak

Hego Koreako harribitxia

2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Hego Koreako zazpigarren arteaz mintzo bagara, bertako zinemaren egungo zuzendaririk garrantzitsuena, Bong Joon-ho, Lee Chang-dong eta Hong Sangsoo-rekin batera, Park Chan-wook izan liteke ziurrenik. Old boy film mitikoarekin mugarri bat ezarri zuen, eta Stoker edota Ah-ga-ssi izenburuak garrantzitsuak izan dira bere diskurtsoa garatu eta ezagutarazteko. Bada zuzendarian lan berriena, Decision to Leave, Filmin plataformara iritsi da. Lan honekin, zuzendari korearra gorenera iritsi da, bere lanik biribilena da.

Gizon bat mendi baten gailurretik jausi, eta hil egiten da; Busandik (Hego Korea) gertu dagoen labar batetik. Istripua izan da, suizidioa ala hilketa? Hae-joon detektibea arduratuko da kasuaz. Berak istripua izan dela uste du. Hildakoaren emaztea susmagarritzat hartzen duen arren, berarekiko sentitzen duen erakarpenak ezegonkortu eta nahastu egingo du kasua. Mendia, itsasoa, lanbroa, lainoa... natura eta kokalekua bera ere garrantzitsuak izango dira. Filmaren bertuterik nagusienak bere tramaren konplexutasuna eta planteatzen duen joko narratiboa dira, baina hasieran, kosta egiten da kode horiek ondo ulertzea eta proposatzen duen erritmora egokitzea, nahiko gidoi zatikatua baitu. Lehen minutuetan, oso film arrunta dirudien arren, apurka aldatzen joango da. Pazientzia apur bat eskatuko dizue hasieran, nahiko nahasgarria delako; zin dagizuet esfortzuak merezi duela. Tempoaren erabilera primerakoa da, modu oso metaforiko eta elegantean zatitzen du kontakizuna. Formak, edukiak eta emozioak guztiz bat egiten dute lan honetan. Chan-wooken filmografia ezagutzen baduzue, ohartuko zineten oso zuzendari esteta dela; irudiari eta alderdi bisualari indar eta garrantzia handia ematen dio. Plano, kamera mugimendu, zoom, kolore trataera edota eszenen arteko trantsizio bakoitza, azken zirrikituraino zainduak daude hemen ere. Ezer ez dago ausaz jarrita, elementu bakoitzak bere funtzioa betetzen du. Oso zaila iruditzen zait Park Chan-wookek lortu duena, osagai asko zituelako mahai gainean, baina konfort eremutik atera da, eta bere mugetatik haratago joan nahi duen sortzaile baten ausardia erakusten du filmak. Thriller erromantiko gorena osatu du. Bikaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.