gorka julio
IRLEN SAREA

Europa Saretan

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Aste honetan ezagutu dugu Mycroft, software libreko euskarazko ahots morroi batean lanean ari direla zenbait euskal enpresa. Normalean Googlek edo Amazonek bakarrik egitea espero genituzkeen teknologiak, hemen eta orain sor ditzakegula erakusten ari dira, baina, nola da posible?

Ez dirudi ideia bikaina merkatu interesetik kanpo gelditzen diren lurraldeek edo sektoreek haien etorkizuna bost axola zaien enpresa teknologikoen esku uztea; ez, ez gaituzte kontuan hartuko. Software libreko tresnak oinarri hartuta, berriz, aurretik ehunka programatzailek egindako lana probestuz eta egokituz bakarrik lor daiteke horrelakorik. Argi esateko, ez litzateke posible izango software librerik gabe.

Softwarean ez ezik, ezinbesteko beste osagai bat da elkarlana. Alde batetik, bertako enpresa batzuen elkarlana, proiektu handiagoak aurrera eramateko gaitasuna izateko. Bakoitzaren urteetako ezagutza metatua partekatzeko prest dauden konfiantza eremu bat, alegia. Bestetik, marko europarraren barnean, hizkuntza teknologien alorrean edukiak partekatzeko European Language Grid plataforma edo azpiegitura. Egitura bat, hizkuntza teknologien arloan elkartrukea erraztu eta ahalbidetzen duena, eta gune bat, mugaz gaindi hizkuntza gutxituentzako, bereziki elkarlaguntzarako.

Bi faktore horiez osatutako formula honek arrakasta badu, orokortu beharko litzateke. Europa, teknologia mailan, egoera oso zailean dago. Teknologia eta azpiegitura propioak izateko gero eta arazo gehiago dauka, ez baitu ez hardware eta ez software industria indartsurik. Hardwarearenak soluzio zailagoa du, baina softwarearenak badu soluziobiderik.

Hemen ekoizten zen softwarea ere, enpresak zerbitzu izatera bideratzean, galtzeko arriskua dago. Askok lehen haien softwarea garatzen zuten, baina orain, prozesuak beste batzuekin bateragarri egiteko, enpresa gutxi batzuen softwarea erabiltzera pasatzen ari dira. Industria 4.0k eragindako aldaketaren ondorioz, esaterako, makina-erremintarako hemen egingo zen software asko; orain, gertuen, Alemanian egingo dute, hemen egokitzera soilik mugatuz. Hori zorterik badugu; bestela, AEBen edo Txinaren teknologiaren artean aukeratu beharko baitugu. Software librea eta elkarlana oinarri duen industria bat sortzera behartuta dago Europa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.