gaizka izagirre
'Ekografiak'

Etorkizun ilunegia

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Years and Years, Black Mirror, Utopia eta abar. Erresuma Batuan oso trebeak dira, gizarte kritika tarteko, gertukoak sentitzen ditugun etorkizun ilun posibleak irudikatzen. Ildo bertsutik, Filminen, The Way izeneko miniseriea estreinatu dute; asko gozatu dudan arren, aipatu ditudan horiek baino ahulagoa iruditu zait. Port Talbot Gales hegoaldeko hiri industrial bat da; langile klaseko biztanleak bizi dira nagusiki han, eta euskarri ekonomiko garrantzitsuenak kaia eta siderurgia fabrika dira. Michael Sheen aktore eta zuzendaria bertakoa da, eta bera da telesailaren sortzaileetako bat. Hiri horretan girotuta dago The Way miniseriea eta kokalekua ere ezinbesteko elementua izango da. Fabrika horretako ezbehar bat tarteko, istilu larriak piztu dira hirian eta horrek fikziozko langile iraultza handi bat ekarriko du, altxamendu zibil bat. Testuinguru horretan, etxetik ihes egin beharko duen Driscoll familia ezagutuko dugu. Ingalaterrara iritsi baino lehen, ordea, mugak itxi eta galestarrak legez kanpoko etorkin bihurtu direla konturatuko dira.

Narrazioa kontzeptu liluragarriz gainezka dago, baina hori da, agian, arazorik handiena: gehiegi direla.  Alderdirik indartsuena bere istorio politikoa da, langileen eskubideei buruz mintzo denean Ken Loachen esentzia duen alderdi hori. Sheenekin batera, telesailaren beste egilea Adam Curtis da; dokumentalgileak, estetika bisualean eragina izateaz gain, artxiboko zenbait irudirekin ere apaindu du narrazioa, bere aztarnak telesailaren tonu orokorrean topatu daitezke. Tonu horretan, ordea, apur bat zorabiatu naiz. Narrazioa, zenbait unetan, umore beltzez eta surrealismoz zipriztindua dago. Horrek ikustaldia erraztu eta arintzen du. Baina garrantzitsuagoak diren zenbait gai eta alorretan arreta galtzea eragin dit, estali egiten ditu. Gehiegizko metaforak erabiltzen ditu, eta baita B serieko film batetik ateratakoak diruditen zenbait eszena trakets ere; horrek guztiak egitura orokorra kutsatzen du. Eskertzekoa da horrelako telesail original eta desberdinekin topo egitea; txalotzeko modukoa iruditzen zait, asko gozatu dut eta intentzio apartak ditu. Baina lau ataletan jorratzeko gai potolo gehiegi mahaigaineratzen dira, denbora tarte laburrean gauza gehiegi eta oso azkar azaldu nahi izan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.