urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Eskua bihotzean, eta ez sakelakoan

2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Duela hilabete batzuk plazaratutako datuak dira: Ameriketako Estatu Batuetan, telebista aparatuaren aurrean dauden bitartean, herritarren %40k sakelako telefonoa erabiltzen dute beste eduki batzuk ikusteko, jolasteko edo aplikazioetan ibiltzeko; beste %17k posta elektronikoa edo mezularitza zerbitzuak begiratzen dituzte; eta %10 sare sozialetan idazten edo mezuak irakurtzen aritzen dira. Barlovento Comunicación agentziaren inkesta baten arabera, Espainian herritarren %56,5 sakelako telefonoari begira egoten dira telebistaren aurrean denean. Haientzat kalte. Film bat edo telesail bat ikusteko, sakelakoa etxeko beste logela batean kargatzen uztea baino hoberik ez baita.

Gaixoa ni ekitaldia egingo dute gaur Iruñean. 14-15 urtetik gorako nerabeek une horretan telebista jarria badute, nahiko argi dago gehienak sakelako telefonoari begira ariko direla. Kostatzen zaie sakelakoaren estimuluei muzin egitea film batek edo telesail batek iraun dezakeen denboran. Iruñeko hiru aktore gazteren telesailak ikustean, dena den, ondo etorriko litzaieke sakelakoa tarte baterako apartatzea: Amaia Romero, Angela Lopez eta Clara Galle.

Amaia Romero kantari eta aktore iruindarra.
Amaia Romerori sari bat eman zioten Valentzian, ekainaren 29an, Cinema Jove jaialdian. BIEL ALIÑO / EFE

Amaia Romero kantari gisa egin da ezagun azkeneko urteetan, baina, iaz, La Mesías telesaileko (Movistar Plus) aktore taldeko izar gisa agertu zen Donostiako Zinemaldian. Ezagun du Romerok eroso dagoela interpretazioan ere, eta antzeman daiteke telesail gehiagotan parte hartuko duela. Angela Lopez Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldiko ezustekoa izan da: Alaitz pertsonaiak bereak eta bi egin ditu, eta pozgarria da jakitea laugarren denboraldian ere agertuko duela. Clara Galleri dagokionez —haren abizena Huete da, baina Galle abizen artistikoa du—, Netflixen Ni una más telesailean parte hartu du berriki. Batxilergoko bigarren ikasturtean diren gazte batzuk dira telesail horretako protagonistak, eta Gallek grazia handia du hizketan. Ekainaren 3tik 9rako astean, Netflixen gehien ikusitako telesaila izan zen Gallerena mundu osoan. Sexu erasoen gaia lantzen du telesailak, eta, gidoi aldetik hutsuneak dituen arren, aitortu behar da plataforma berean badirela institutuko telesail kaskarragoak. 

'Ni una más' telesailaren trailerra.

Pantailak gustuko ditu Romero, Lopez eta Galle aktore iruindarrak. Badute zer ikasi, eta bide luzea dute egiteko.

Sara Shirpey

Bada beste aktore bat, aipatutako hirurak baino helduagoa, bere begi ilunekin istorioak behar dituen sentimenduak transmititzeko gai dena: Sara Shirpey (Taby, Suedia, 1992). Handen pa hjärtat Suediako telesaila komedia erromantiko oso dibertigarria da, eta, hartan, Shirpeyren interpretazioa zoragarria da. Lina Astrom da telesailaren zuzendaria, eta lortzen du ikuslea pertsonaiekin kateatzea. Sei atalez osatua dago, eta, atal laburrak izanik, erraz irents daiteke gau batean edo bitan. Baldin eta ikusleak ez badu sakelakoarekin arreta galtzen, noski. Jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin ikustea baita onena. 

Emakume protagonistak pertsona ororen etorkizun sentimentala ikusten du eskua bihotzean jarriz gero. Bikoteen terapeuta da, gainera, eta horretaz baliatzen da. Baina fantasiazko abiapuntu horren ondotik, telesailaren interesa handituz doa, eta Shirpeyk pertsonaiari ematen dion gizatasuna da gako nagusietako bat.

Sara Shirpey aktorea 'Handen pa hjartat' Suediako telesailaren fotograma batean.
Sara Shirpey aktorea 'Handen pa hjartat' Suediako telesailaren fotograma batean. FILMIN

Pixar estudiokoek Shirpey fitxatu beharko lukete Inside Out animaziozko sortaren hirugarren filma egiten dutenerako, irudikatzeko begiekin sentimenduak nola transmititzen diren. Pantailez ari garela, ezin baitira ezkutatu munduko zinema aretoetan Inside Out 2 filmak lortu dituen eta lortzen ari den markak. Iazko udan Barbie eta Oppenheimer filmek lortu zuten zinema aretoetako datuak hobetzea. Aurten Inside Out 2 ari da herritarrak zinema aretoetara eramaten, eta, ezinbestean, albiste pozgarritzat jo behar da halakoak gertatzea. Aretoak ixtea nahi ez baldin bada, behintzat. Eta bada beste kontu bat: filma ikusten ari diren bitartean, areto ilun batean, nerabe eta gaztetxoek lortzen dute 96 minutuz sakelakoari begiratu gabe egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.