IRLEN SAREA

Begi bistakoa da

gorka julio
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Begi bistakoa da, esperientzia kolektiboak badira ere, indibidualtasun konektatu batean murgildu garela. Komunikazio aukeren aniztasunak harreman ereduetan sortzen dituen aldaketak kudeatzeko zailtasunak izango bagenitu bezala. Belaunaldi zaharretan ez ezik, berrietan ere eragiten du, kaleko harremanak etxeko edo gelako berotik egin ditzakegunekin ordezkatzeak ondoriorik izango ez balu bezala.

Ez da nostalgia, ez eta teknofobia, harremanen desahokatze afektibo bat eman dela esateko ez dut adibiderik ere eman behar, begi bistakoa da hori ere, nonahikoa. Iritsi da ordua pentsatzeko nola egingo diogun aurre indibidualismoaren oldarraldi berri honi. Sakelakoak eskaintzen dituen komunikazio aukerak baliatuz, gure barruraino sartu zaigu bakarrik sentiarazten gaituen konektibitate infinitua.

Tresna berdinak hackeatuz edo berriak sortuz egin beharko diogu aurre, baina, horretaz gain, harremanen lanketa kolektiboak behar ditugu, digitalak eta kaletarrak. Kolektiboki gure afektuak lantzeko aukera ematen duten auzo bizitza eta plaza digitalak. Metabertsorik izango bada, bere birtualitatea, harreman esparru berriak eraikitzeko baliatu, plazerretik. Plazer hori gero plazara ateratzeko.

Twitterrek boto negatiboak emateko aukera emango du. Botoak ez dira publiko egingo, jasotzen dituenak ikusiko ditu soilik. Gakoa, baina, ez dago horretan, baizik eta ematen ditugun boto negatibo horien bidez norbanako bakoitzaren perfila hobetzea lortzen dutela. Denontzako onuragarria izan daiteke, erakusten dugun indibidualtasun horri atxikitzen zaizkigun patroietan sakontzako ere balio baitezake. Ea esperimentu honek zenbat eta nola eragiten digun; esperimentua baita.

Indibidualtasun konektatu mota horien guztien aurrean, afektuak josiko dituen afektibotasun konektibo bat behar dugu. Gizakiok gizakiokin ditugun harremanak lantzeko, baina baita ez-gizaki eta objektuekin ditugunak birpentsatzeko aukera emango duena. Gure harremanen sozializazioa oparoa izatea nahi badugu, begi bistakoa da arreta pertsonetan ez ezik, tartean ematen diren harreman-sareetan eta horietan jarri beharko dugula.

Perspektiba aldatzen laguntzeko, azken gomendio bat: irakurri ezazue Philip K. Dicken Begien berezitasun batzuk ipuin laburra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.