Bat egite bat dator komunikazioaren mundura. Internet eta telefonia zerbitzuak leku berean —eta guztietan— egongo direnez, bertan ditugun hainbat gauza batuko dira. Bi mundu horiek bat egitean gauzak bikoiztuko dira, kontaktu agendak esate baterako.
Lehenik eta behin, identifikaziorako erabiltzen ditugun kredentzialen arteko talka bat gertatuko da. Web zerbitzu askotan, posta elektronikoa erabiltzen dugu nor garen adierazteko; telefonoan, berriz, gure sakelako zenbakia da gure identifikazioa. Gero eta gehiago ikusiko ditugu, beraz, web zerbitzuak gure sakelako telefonoko informazioa eskatzen. Bi horien lotura ez da bakoitzari eragingo dion gauza bat, baizik eta gure agendetan ere pertsonak bere telefono-posta elektroniko binomioaz identifikatu ahal izango dira.
Horren bigarren eraginak aurrekoarekin zerikusia dauka. Telefono zerbitzuek web zerbitzuekin uztartuta bigarren buelta izan dezakete. Telefono zerbitzuek —erantzungailuak, telefono zenbakiak, berbideraketak eta abar— kudeatzeko aukera aurreratuak izango dituzte. Horretaz gain, gure sakelakoa Internetera konektatu, eta gure agendako besteekin telefono zerbitzuak erabili ordez, Interneteko zerbitzu bidez komunikatuak egongo gara etengabe. Gure sakelako telefonoko agendan dauden pertsonak konektatuta dauden ikusi, horiekin ekitaldiak partekatu, testu dokumentuak sortu, fitxategiak trukatu, solastu ahal izango dugu. Gure agenda ez da izango zerrenda huts bat, baizik eta agenda bizi bat, eta gure sare sozialetarako pasabidea.
Hirugarrena aurreko bien eraginez gerta daitekeela ondoriozta daiteke. Sakelakoetan egingo den telefono eta web zerbitzuen integrazioa dela eta, orain arte ordenagailuan egiten genituen zenbait gauza sakelakoetan egingo ditugu. Esate baterako, sare sozialetan darabilgun komunikazio mota sakelakoetan erabiltzen hasiko da batez ere, edozein tokitatik eta berehala erabil dezakegulako. Ordenagailuak, aldiz, gero eta gehiago sormenera edo lanera bideratuko ditugu, nahiz eta komunikaziorako erabiltzen ere jarraituko dugun, noski.
Laugarrena ere aurrekoen eraginez gerta daiteke. Ordenagailuak batez ere lanerako erabiltzen baditugu, eta sakelakoak komunikaziorako, bakarrik kontsumorako erabiliko den esparru bat ere ager daiteke: Internetera konektatutako telebistak.
Komunikazioa. Irlen sarea
Bat egite bat dator
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu