Generoaren, sexualitatearen eta berdintasunaren inguruan hamaika gai. Hamaika ahots eta hamaika ertz eskaini ditu joan den denboraldian Hamaika Telebistako IDEMtitateak saioak. Astero gai bat, bizpahiru ahots. Astero generoari begirada, ikuspuntu feminista batetik. Nagore Uriarte kazetariak (Bilbo, 1985) zuzendu du programa. Datorren udazkenean, saioa ez da programaziora itzuliko, baina generoarekiko kezka ez du albo batera utziko euskarazko kateak. Ezta Uriartek ere. Gizarte gaien inguruko saio berri bat egingo du kazetariak, eta IDEMtitateak saioan landu gabeko gai batzuk jorratuko ditu.
Interneteko sare sozialetan kritika onak izan ditu programak. Emititzen hasi eta hiruzpalau hilabetera, Argia Saria jaso zuen. «Azkenaldian ikusi dugun telebista saio politiko interesgarriena da», esan zuten Argia-ko kideek saria eman zutenean. Uriartek aitortu du «oso garrantzitsua» izan zela saria jasotzea, «bai saioarentzat eta bai Hamaikarentzat».
Hamar hilabetez saioak egin duen bideaz «oso balantze ona» egin du Uriartek: «Balorazio positiboa egingo nuke profesional mailan, produktuari begira. Eta maila pertsonalean ere ona izan da niretzat». Hamaikako kazetariaren iritziz, hasieratik «modu egokian» planteatu zuten programa. «Mugimendu feministak azken aldian asko ikusarazi du gaia, eta komunikabideetan lan handia egiten ari da. Prentsa idatzian lan handia zegoen egina, adibidez BERRIAn eta Argia-n, baina ikus-entzunezkoetan hutsune bat nabari zen. Horregatik, une egokian planteatu zen».
Bilboko kazetariak nabarmendu du saioari esker kolaboratzaile sarea osatu dela. Gainera, jende asko azaldu da programan generoari lotutako gaiez hitz egiteko prest. «Gaiak planteatzeko orduan, laguntza handia izan dut gonbidatuen aldetik. Maila pertsonalean ere asko busti dira gonbidatuak».
Kurtso hasieran, Uriartek adierazi zuen emakumeak «indartsu» agertzeko saiakera egingo zuela programak. Hori lortu dela iruditzen zaio. «Gonbidatuak indartsu azaldu dira, gogoeta positiboekin. Diskriminatuak izaten diren pertsona askok haien bizipenak modu positiboan eskaini dituzte».
Gizonak ere azaldu dira programan, berdintasunaren aldeko mezuekin. Uriartek gogoratu du asko disfrutatu zuela gizontasun tradizionalaren ereduaren inguruko saioan. «Gizon batzuek onartu ziguten pribilegio batzuk zituztela gizon izateagatik, horiei uko egin nahi zietela, baina mesfidantza jasotzen zutela eta prestigio soziala galtzen zutela horregatik. Gizonezkoen mezu indartsuak ere jaso genituen programan, urte osoan».
'Ertzak'-en oinordekoa
Ane Zabalak joan den denboraldian egin duen Ertzak saioaren tokian, gizarte gaiei buruzko programa berri bat egingo du irailetik aurrera Uriartek. Elkarrizketa guztiak kalean grabatuko dituzte, eta kazetariaren figura indartuko du Hamaikak.
Saio berrirako, kontaktu batzuk egin ditu Uriartek, eta gehienek esan diote ondo baloratzen dutela IDEMtitateak saioa. «Bidea egiten jarraitu behar dugu. Ahal den guztietan saiatuko naiz IDEMtitateak-en landu gabeko gaiak programa berrian lantzen». Berdintasunaren aldeko jarrera izango du programa berriak. Kazetariak, era berean, nabarmendu du gizarte gaiak aipatzen direnean gai politikoak ere badirela; «ez dira bigarren mailakoak».
Ikus-entzunezkoen munduan oro har talde feministak gero eta sgehiago agertzen direla uste du Hamaikako kazetariak, presio sozialari esker. «Baina komunikabide handietan halako gaien falta sumatzen da. Saio serioetan, gainera, erabakiak hartzen gizonak daude, eta aurpegia ematen, emakumeak».
IDEMtitateak saioak ez du atal berririk izango, baina Hamaikaren webgunean atal guztiak ikus daitezke. Saioak tarte berezitua du atarian.
Aitzindaria berdintasunean
Hamaika Telebistaren 'IDEMtitateak' saioak ez du jarraituko datorren denboraldian. Nagore Uriarte kazetariak gizarte gaien inguruko programa berri bat egingo du astero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu