'A bocados' sukaldaritza eta nutrizio saioa estreinatuko dute astelehenean

ETB2n emango dute, egunero. Osasuntsuago kozinatzen irakatsi nahi dute, era dibertigarrian

Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietistaren arteko harremana da A bocados saioaren motorra. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Grabaketa maratoi batean dabil egunotan Nagore Azurmendi. A bocados gastronomia saioa estreinatuko du ETB2k datorren astelehenean, eta Azurmendi da horren zuzendaria. Sukaldaritza saio bat baino gehiago izan nahi du saioak. Jaki «osasuntsu eta goxoak» prestatzen erakustea da Azurmendiren asmoa. Horretarako, Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietista jarri ditu aurkezle. Bien arteko tentsioak sortuko du saioa mugitzeko indarra.

David de Jorge sukaldariarekin aritu da zuzendaria bederatzi urte inguru. Azken boladan, ETB2ko asteburuetako Teleberri-ren aurretik ematen duten Historias a bocados saioa egiten ibili da Gonzalez sukaldariarekin. «Ondo joan da, eta ETBk pentsatu du halako zerbait behar zela egunero, arratsaldeko tarte zail horretan».

Gonzalez Astelena jatetxeko sukaldaria da, eta Basque Culinary Centerreko irakaslea. Gabriela Uriarte Giza Elikadura eta Dietetikan graduatua da eta, elikadura gaietan coach lanetan aritzen da. ETB2ko ikusleek ezagutuko dute, Cuerpos de Élite saioan aritutakoa baita.

«Ez da sukaldaritza eta elikadura saio hutsa izango», esan du Azurmendik, «baizik eta saio didaktiko eta dibertigarria».

Izan ere, bi adituek elkarri nola laguntzen dioten erakutsiko du saioak. Sukaldariak jana prestatzeko trikimailuak irakatsiko dizkio dietistari, eta hark elikadura osasungarria egiten. «Dena oso ulergarri egiten saiatu gara».

Aurkezleen arteko «kimika»

Saioaren bi protagonisten arteko harremanak sortuko du dibertsioa, zuzendariak azaldu duenez. «Nutrizionista, askotan, apaingarri gisa agertzen da halako saioetan, eta guk bien arteko berdintasuna nahi genuen. Bikote honekin lortu dugu. Bien arteko kimika sortzen da, eta saioak une magikoak ematen ditu. Harritu egiten gara haien arteko harremana ikusten dugunean».

Izan ere, gastronomian, deabruaren abokatua izatearen eginkizun itsusia egokitzen zaio normalean nutrizionistari: olio gutxiago, azukre gutxiago, gantz gutxiago botatzeko agintzea, alegia. «Baina saio honetan ikusiko dugu nola ulertuko duten elkar, eta gauzak hobeto egiten ikasiko dute».

Estudiotik kanpo grabaturiko piezak tartekatuko dituzte saioan. Besteak beste, janari ekoizleekin, abeltzainekin, fruta saltzaileekin eta gozogileekin egongo dira, haien produktuen alde ezagunena eta bitxiena erakusteko.

Horrez gain, atal bakoitzeanherri batera joango dira, tokian tokiko sukaldetako ohiturak ezagutzeko. Errezeta azkarrak ere erakutsiko dituzte, astirik ez dutenek egiteko modukoak.

Bizpahiru hilabeterako proba egingo du ETBk saioarekin, eta, arrakasta badu, jarraituko du.

Dale una vuelta lehiaketaren ondoren emango dute, 20:00-20:15 aldera, astelehenetik ostiralera, ETB2n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.